Foru aldundiak eguneratu egingo du Arabako Lurralde Historikoan sai arreak, otsoak eta intereseko beste basa espezie batzuek aziendari eta etxeko animaliei eragindako kalteengatik kalte ordainak eta konpentsazio ekonomikoak jasotzeko sistemaren oinarri arautzaileei buruzko dekretua, bai eta laguntza lerro horren 2024rako deialdia ere.

Laster onartuko den dekretua baliagarria izango da otsoak abeltzaintza ustiategietan eragindako kalteen ondoriozko konpentsazio ordainketak eguneratzeko, 2008ko zenbatekoak eguneratzeko eta sail osorako harmonizatzeko helburuarekin, eta, beraz, animalien heriotzagatiko kalteen ordainketa nabarmen hobetzeko.

Dokumentuak, halaber, laguntza lerro berriak sartzea jasotzen du, zauritutako animalien gastuak, albaitaritza gastuak ordaintzeko, eta aukera ematen du ustiategien lortu gabeko irabaziak baloratzeko.

Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko foru diputatuak Otsoaren Kudeaketa Planaren Jarraipen Batzorde Teknikoari jakinarazi dizkio, gaur goizean bilduta, dekretuaren ildo nagusiak.

Dekretuaren xedea da eragindako abeltzainek jaso beharreko kalte ordainak arautzea, eta kalte ordain horiek jasotzeko prozedura eta betekizunak ezartzea. Kontuan hartuta otsoek, kanido basatuek eta sai arreek kalteak eragin diezazkioketela etxeko ganaduari, foru erakundeak intereseko adierazitako animalia basatiek eragindako kalteen konpentsazioa arautu du, eragindako balizko kaltea Arabako Foru Aldundiak arintzeko.

Bileran, aldundiko arduradunaz gain, parte hartu dute saileko zuzendaritzek eta teknikariek, abeltzaintza sektoreko ordezkariek, naturalistek eta Euskal Herriko Unibertsitateak, aholkularitza zientifiko gisa. Barredok adierazi duenez, "Foru Aldundian lantzen ari garen dekretu honek sektoreak behin eta berriz adierazitako sentsibilitateak biltzen ditu, eta abeltzaintzako ustiategi gehiagok laguntzak jaso ahal izatea du helburu".

Bileran, halaber, beste gai batzuk jorratu dira, hala nola otsoaren egungo egoera Araban eta Foru Aldundiak abeltzaintza estentsiboaren eta espezie horren arteko bizikidetza sustatzeko gauzatutako neurriak. Zaintzako artzainen figura ezartzeko proiektu pilotua, Euskadin bi ustiategitan gauzatu den ekimen berritzailea bera, zehaztu diren neurrietako bat da. Alde horretatik, foru diputatuak adierazi duenez, "40 abeltzainek baino gehiagok interesa erakutsi dute ekimen aitzindari honetan, artzain lanbideari balioa eman, ganadua mendian egotea luzatzeko aukera eman, ustiategiko lan baldintzak hobetu eta erasoak murrizten baititu, otsoaren erasoari disuasio elementua izanik".

Ekintza horrekin batera, beste jarduera batzuk ere ezarri dira, hala nola arrazako zaintza txakurrak erosteko eta zaintzeko aholkularitza, eta hesi babesleekin eta artzain elektrikoekin izandako esperientziak.

Aurten "artzaintza estentsiboa errazten duten eta larre habitatak mantentzea dakarten jarduerekin jarraitzea proposatzen da, erasoek eragindako kalteak arintzen lagunduko duten prebentzio neurriak ezartzeko laguntzen bidez" adierazi du Barredok. Era berean, otsoaren jarraipena egiten jarraituko da, landa errolden eta haren zantzuen analisi genetikoen bidez, espezieak lurraldean duen bilakaera aztertzeko helburuarekin.