Jasangarritasunerako Tokiko Gobernuen Sareko (ICLEI) Mundu mailako Batzorde Exekutiboko kidea izango da lehen aldiz Gasteiz. Munduko hainbat eskualde hartzen ditu barne zuzendaritza-organo horrek eta, Arabako hiriburuaz gain, Europako beste lau hiri ere bertan izango dira: Friburgo (Alemania), Turku (Finlandia), Aalborg (Danimarka) eta Matosinhos (Portugal). ICLEIren Europako Batzorde Exekutiboak aho batez izendatu du Gasteiz. Bruselan bildu da batzordea, 2024-2027 agintaldirako estrategia erabakitzeko.

Maider Etxebarria alkateak bideokonferentzia bidez defendatu zuen Gasteizen hautagaitza. “Pozik” agertu da; izan ere, Arabako hiriburua ICLEIren Mundu mailako Batzordean sartzeak “nazioartean duen posizioa indartzeko aukera emango dio Gasteizi”.

Parte-hartzea sendotzen

Hala, alkatearen hitzetan, sarean duen “parte-hartzea sendotuko du” hiriak, eta protagonismo handiagoa izango du ICLEIn. Erakunde horrek estuki lan egiten du Europako Batzordearekin, Eskualdeen Batzordearekin eta proiektuen, egitasmoen eta programen bidez hiri-jasangarritasuna sustatzea helburu duten beste erakunde batzuekin.

Bi egunetan egin dituzte ICLEIren Europako Eskualdeko Zuzendaritzaren bilerak, Bruselan, hilaren 24an eta 25ean. Horietan izan da Aitor Zulueta, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko (CEA) zuzendaria.

Lantaldeetan parte hartu du Arabako hiriburuak, eta klimatikoki neutroak diren hirien gaineko, ekonomia zirkularraren gaineko eta naturan eta biodibertsitatean oinarritutako soluzioen gaineko eztabaidetan ere bai. Laster, hiri zirkularren deklarazioarekin bat egingo du Gasteizek, Udalak Ekonomia Zirkularreko Estrategia eta 2024-2027 aldirako lehenengo ekintza-plana onartzen dituenean. Horri buruz ere hitz egin zuten jardunaldian.

ICLEIk 2024rako prestatu duen egutegiaren barruan, Hiri Klimatikoen Astea ospatuko dute Valentzian, ekainaren 24tik 28ra. Eta, urrian, Hiri Jasangarrien Hamargarren Konferentzia antolatuko dute Aalborgen (Danimarka).