Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE), Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailari atxikitako erakunde autonomoak, informazio hitzaldiak antolatuko ditu berriz, gaurtik aurrera, hilak 22, babesgabetasun egoera larrian dauden adingabeen familia harreraren inguruan. Hitzordu horiek hilero izango dira, urtearen amaiera arte, uztailean eta abuztuan izan ezik.
Honako egun hauetan izango dira harrera kanpainako hitzaldiak: otsailak 19, martxoak 16, apirilak 6, maiatzak 13 eta ekainak 10
Hitzaldi guztiak 17:30etik aurrera izango dira, Familia Harreran Laguntzeko Programak Gasteizen dituen lokaletan (Olagibel kalea 20, 1. solairua, 1. bulegoa). Hitzaldietan lekua izatea ziurtatzeko, aldez aurretik izena eman behar da 945 773052 telefonoan eta acogimiento@araba.eus helbide elektronikoan.
Oraintsu, Foru Aldundiak "Acoge, eres su oportunidad - Etxean hartu, haien aukera zara" kanpaina abian jarri du, foru zentroetan bizi diren haur babesgabeak hartzeko konpromisoa hartu nahi duten 10 familia aurkitzeko helburuarekin.
Familia harrera babes neurri bat da, hainbat egoerarengatik gurasoekin bizi ezin diren haurrei beraiena ez den familia batekin garatzeko aukera ematen diena; harrerari esker, aldi berean, beren gurasoekin harremanetan jarrai dezakete kaltea konpontzeko. Familia profil eta mota guztiek har dezakete haur bat harreran: familiek, bikoteek, bikoterik gabeko pertsonek, seme-alabak dituztenek edo ez dutenek.
Araban harrera familian interesa duen pertsona orok har dezake parte. Hitzaldietan, harrera modu horren oinarrizko alderdiak jorratuko dira; informazioa emango da adingabeen ezaugarri eta bizipenen inguruan; protagonista bakoitzak harreran zer zeregin duen aztertuko da, zein lege eta administrazio esparru dagokion, eta, guzti-guztia, parte hartzean oinarritutako metodologia dinamikoaren bidez.