Tailerra bisita, bisita interaktiboa museoko aretoetara, bisitak familian...Museoen Foru Sareak abian jarri du bere Hezkuntza Programaren 2023/2024ko ikasturtea

Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuaren iritziz, ikasturte honetan, proposamen berriak jarriko ditugu abian, ikasleei eta irakasleei baliabide didaktikoa eskaintzeko, eta publiko orokorrari eta familiei zuzendutako programa publikoetan museoen eta gizartearen arteko zubi lana egiteko.

Jarduera guztiak euskaraz eta gaztelaniaz ematen dira. Hiru modalitatetan antolatuta daude:

Ikasle eta irakasleentzat:

  • Tailerra-bisita: bisita interaktiboa eta tailer didaktikoa konbinatzen ditu. Bi jarduera egiten dira: bisita bat museora, aukeratutako gaiaren arabera. Bisitarekin batera, jardueraren bat egin ohi da, eta, ondoren, tailerra. Haur Hezkuntzara eta Lehen Hezkuntzara zuzendua. Iraupena: 2 ordu.
  • Bisita interaktiboa: museoko aretoetara egindako bisita, aukeratutako gaiaren arabera, aretoetan bertan egindako jarduerekin konbinatzen du, betiere talde bakoitzaren beharretara egokituta. Lehen Hezkuntzara, DBHra eta Batxilergora zuzendua. Iraupena: ordu eta erdi.
  • Bisita gidatua: bisita komentatua, bai orokorra, bai gaiaren araberakoa, edo sarrera bisitak taldeak oso ugariak direnean. DBHra, batxilergora eta helduei zuzendua. Iraupena: ordubete.
  • Bisita konbinatuak: Bisita horiek hiritik egiten den ibilaldi bat eta hautatutako gaiarekin lotutako museorako bisita bat konbinatzen dute, edo, bestela, bisita bat egiten da gaiagatik lotuta dauden bi museotara. Lehen Hezkuntzara, Hezkuntza Berezira, DBHra eta Batxilergora zuzendua Iraupena: 2 ordu eta erdi.
  • Hezkuntza berezia: Bisitak/tailerrak, behar bereziak dituzten ikastetxeentzat. Eskatutako programa bat eta neurrira egindako jarduera prestatzen dira, beharrak aztertuta.
  • Prestakuntza bisitak: Irakasle eta hezitzaileentzako bisitak, irailean eta urrian. Helburua da museoak hezkuntza baliabide gisa ikusten laguntzea eta bisitarako tresna egokiak ematea. Iraupena: ordubete.

Programa publikoak:

  • Bisita gidatua: Bisita komentatua, bai orokorra, bai gaiaren araberakoa, edo sarrera bisitak, taldeak oso ugariak direnean. Iraupena: ordubete.
  • Bisita konbinatuak: Bisita horiek hirian zehar egindako ibilbideak eta aukeratutako gaiarekin lotutako museorako bisita uztartzen dituzte, edo, bestela, gai batekin lotutako bi museo biltzen dituen bisita. Iraupena: 2 ordu eta erdi.

Haurrentzat eta familientzat:

  • Bisitak familian: Jarduera hau partikularrentzako eta familientzako bisita komentatu bat da, azalpenak eta taldearen ezaugarrietara egokitutako jarduerak konbinatzen dituena. Helburua Arabako ondareaz familian gozatzen ikastea da.
  • Ospatu zure urtebetetzea museoan: Larunbat goizetan, foru sareak urtebetetzeak museoan ospatzeko aukera ematen du, gure ondareaz gozatuz eta dibertsioa eta jokoa konbinatuz. Honako museo hauen artean hauta daiteke: BIBAT Arkeologia eta Fournier Karta Museoa, Natura Zientzien Museoa eta Arma Museoa. Adina: 5-10 urte.
  • Udalekuak: Uztailean egiten da. Programa: tailerrak, jokoak eta bisitak aukeratutako museora. Adina: 5-11 urte.
  • Gabonak museoetan: Oporretarako proposatzen dugun jarduera, txikienei eskainitakoa osatzeko asmoz proposatua: haien adinei egokitutako lantegiak eta ikuskizunak eskaintzen dizkiegu. Adina: 5-11 urte.

Plazak eskariaren araberakoak dira, eta, beraz, zaila da urte honetarako plaza kopuru osoa kalkulatzea, baina aurreikuspenen arabera, aurreko ikasturteen antzekoa izango da. Kontuan izan behar da 20-25 laguneko taldeetarako eskaintza egiten dela, eta taldeak ia egunero osatzen direla.

Zehazki, 2022-2023 ikasturtean, 28.109 lagunek parte hartu zuten taldeetan: 9.328 ikaslek eta 18.781 heldu eta familia taldek. Horietatik, 2022-2023 Hezkuntza Programan, Museoen Foru Sareak ikastetxe, unibertsitate eta helduen taldeentzat eskaintzen dituen bisita eta tailerretan 17.743 pertsonak hartu dute parte. Guztira, 730 talde daude; horietatik 309k euskara aukeratu zuten hizkuntza gisa, eta gainerako 421k gaztelania. " Bestalde, 700 talde Arabakoak ziren, 9 Euskadiko gainerako probintzietakoak, 12 Euskaditik kanpokoak eta 9 atzerrikoak.

Udako datuei dagokienez, udaleku eta gaikako bisita gidatuei dagokienez, honako hau nabarmendu behar da:

  • Udalekuak. 90 plaza eskaini ziren bi programatan: Arte Ederren Museoan eta BIBATen (Arma Museoa eta Natura Zientzien Museoa), 65 pertsona.
  • Gaikako bisita gidatuak: 23 bisita egin dira museoetara eta beste batzuk Iruña-Veleiara, eta 309 pertsonak hartu dute parte.

Aste honetan, uztailean eta abuztuan gure museoetara joan diren bisitari kopuruen datu guztiak ezagutuko dira.