Síguenos en redes sociales:

Gaur eguraldia nabarmen aldatuko da

Tenperatura maximoak asko jaitsiko dira denean eta giroak udaberriko itxura hartuko du

Gaur eguraldia nabarmen aldatuko daPilar Barco

Gaur eguraldia nabarmen aldatuko da. Tenperatura maximoak asko jaitsiko dira denean eta giroak udaberriko itxura hartuko du, Ebro ibarrean izan ezik, han maximoak 30 gradutik gorakoak izango dira oraindik, Euskalmet Euskal Metereología Agentziak iragarri duenez.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, tenperatura minimoak ere bizpahiru gradu jaitsiko dira. Iparraldean giroa goibela izango da eta noizbehinka euri txikia egingo du, batez ere arratsalde-gau partean. Hodeiak eta ostarteak hegoaldean; goizean egongo da zerua garbiago, arratsaldetik aurrera hodeiak gailenduz joango dira han, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak hasieran eta behe-hodeiak egunaren amaieran. Ipar-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta hegoaldean.

Larunbatean ere egingo du behera tenperaturak eta Kantauri isurialdeko zenbait lekutan giroak udazken itxura har dezake. Giro goibela, batez ere iparraldean. Zaparradak botako ditu, sarriago eta indar handiagoz iparraldean; ekaitzak jo dezake han. Hegoaldean ateri egongo da orokorrean, zenbait lekutan euri txikia egin dezake noizbehinka, batez ere egunaren bigarren partean. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldetik aurrera indartsuago.

Azkenik, Euskalmetek ondorioztatu duenez, igandean ere, zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu Kantauri isurialdean. "Zaparrada txikiak botako ditu, Kantauri isurialdean noizbehinka ertainak. Ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da", ondorioztatu dute bertatik.