‘Vital Araban zehar’ kultura Lurraldeko txoko guztietara eramateko Vital Fundazioaren ekimenak ez du atsedenik hartuko abuztuan. Herriko jaiak herri ugaritan zehar zabaltzen dira eta ‘Vital Araban zehar' programak kontzertuak eta antzerki emanaldiak eskainiko ditu hilaren 12tik 27ra zortzi herritan: Eskuernaga, Villanañe, Guardia, Lantziego, Amurrio, Turiso, Olabarri eta Arminon.
Abuztuaren 12an, larunbata, Toronbole Familia Eskuernagako Gernikako Arbola plazan izango da (18:00etan), ‘di la Italiatik’ etorrita. Misio sekretu bat dute eta, burutzen duten bitartean, gozarazi egiten dute, magiaz eta txotxongilo dibertigarriz betetako beren umore mediterraneoaren eskutik. 20:00etan, La Gramolak dantza eginaraziko dio Villanañeko Merkatuko plazan dagoen publikoari. Igandean, hilak 13, Amurrioko parkean, 16:00etatik aurrera, Kaktus DJen koreografia animatuak izango dira.
Asteburua beste bi egunez luzatuko da. Astelehenean, hilak 14, Bufalo Club hegoaldetar rock taldea Guardiako Plaza Nagusian (13:30ean) eta Lantziegon (20:00etan) arituko da. Talde horretako kideek hainbat banda ezagunekin egin dituzte birak, hala nola Loquillo y Trogloditas edo Burning, eta beste hainbat talderekin partekatu dute agertokia, esaterako Ronaldos, Los Secretos, La Frontera edo Los Rebeldes. Eta 20:00etan, Amurrioko San Anton plazan, Sonia Vera Swing Band taldearen kontzertua izango da. Gasteizen du egoitza euskaldunez eta katalanez osatutako swing boskote horrek.
Abuztuaren 20an, igandea, antzerkiaren txanda izango da. 13:30ean, Turisoko plazan, Lantarongo udalerriko kontzejuan, Asier Kidamek ‘Aro y milagros’ haurrentzako magia ikuskizun freskoa eta dotorea eskainiko du. Benetako esperientzia magikoa da, eta umoreari eta soinu-banda zainduari esker, publikoak mirari txikiez gozatu ahal izango du: mota guztietako botereak dituen uztai bat, ardi jostariak eta magia egiten duen pelutxea ere bai.
‘Vital Araban zehar' programak abuztuaren 27an, igandea, emango die amaiera abuztuko emanaldiei. 12:00etan, Olabarriko elizan, Joyful Gospel Choir taldeak genero musikal horren bere bertsiorik onena egingo du. Gasteizko abesbatza hori 40 abeslarik eta jazzean espezializatutako bost musikari profesionalek osatzen dute, eta, gainera, eginkizun soziala betetzen dute, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonei parte hartzeko diru-laguntzak emanez. Lobo & Carmine, bestalde, hileko azken kontzertuaren protagonista izango dira euren country bertsioen eskutik. Bikote akustiko hori bere ikuspegitik barneratzen da genero horretan, testuei abestien lerro melodikoei besteko garrantzia edo garrantzi handiagoa emanez, abestiak eurenak izan zein beste artista batenak izan. 13:00etan izango da, Arminongo erabilera anitzeko plazan.
‘Vital Araban zehar’ programak XIX. edizioa beteko du uda honetan eta 106 emanaldi eskainiko ditu, Arabako sei kuadrilletako 50 udalerritako 69 herritan (67 Araban eta bi Trebiñun). Ekimen kultural hau sortu zenetik Lurralde Historikoko udalerri guztietara (Gasteizera izan ezik, proposamenetik kanpo geratu baita) eta Trebiñuko Konderriko udalerri bietara iritsiko den bigarren aldia da. Udalek erakutsitako askotariko zaletasunei erantzutea du helburu eta, aldi berean, Arabako talde nahiz artistei aukerak eskaintzea.