Osasuna sustatzeko diru-laguntzak.

Tokiko Gobernu Batzarrak aste honetan onetsi du Osasun Zerbitzuaren laguntzen deialdiaren ebazpena. Deialdi honen helburua da erakunde guztiek baldintza berdinetan laguntza jaso ahal izatea, Gasteizko Udalak azaldu zuenez.

"Dirulaguntza hauen helburu nagusia da erakunde guztiek baldintza berdinetan jaso ahal izatea laguntza, betiere hori justifikatzen duen irizpide tekniko batekin eta elkarteek aldez aurretik ezagutzen dituzten parametroekin bat etorriz. 2023ko aurrekontuari dagokionez, 442.102,87 eurora igo da, 2021ean baino ia 26.000 euro gehiago (416.170,86 eurokoa izan zen orduan)", azaldu zuten Gasteizko Udaletik.

Horrela, eta ildo beretik jarraituz, erakundeek aurkeztutako dokumentazioa baloratu ondoren, eta deialdi honen oinarri espezifikoetan jasotako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, 40 proiekturi dirulaguntzak ematea erabaki da, A Programaren barruan dauden 34ri eta B Programaren barruan dauden 6ri.

Proiektu guztiak gaixotasunen prebentzioari, osasunaren sustapenari eta gaixotasun edo gaitz kronikoak dituzten pertsonen eta haien ingurunearen bizi-kalitatea hobetzeari lotuta daude.

Besteak beste, A programak osasun eta gizarte arloko proiektuak biltzen ditu, patologia kronikoak edo gaixotasun arraroak dituzten pertsonei laguntza eta errehabilitazioa emateko jarduerak egiteko, 2023. urtean zehar, kaltetutako pertsonen familientzako zerbitzuak eta gaixotasun kronikoak herritar guztiei edo talde espezifikoei zabaltzeko eta sentsibilizatzeko proiektuak. B programak, aldiz, 2023-2024 ikasturtean zehar Gasteiz hiri hezitzaileko ikastetxeetan osasuna sustatzeko proiektuak jasotzen ditu.