Turismoaren jasangarritasuna bultzatzen
Jasangarritasuna bultzatzeko hainbat estrategia sortu dira
Arabako parke naturalen jasangarritasun turistikoa hobetzea. Horixe da Arabako Foru Aldundiaren helburuetako bat. Hain zuzen, aste honetan bertan iragarri dutenez, administrazio honek lau milioi euro baino gehiago erabiliko ditu helburu hori betetzeko, bai lurraldeko parke naturaletan, bai Landa eta Garaioko barnealdeko hondartzetan.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, parke naturalen proiektuak 2.090.000 euroko aurrekontua du, eta zenbait ekintza jasotzen ditu, lau ardatzetan sailkatuak: trantsizio berdea eta ekologikoa, Izki eta Aizkorri-Aratzen aparkalekuak egokituz edo eraikiz; mendiko aterpeak egokitzea erabilera turistikorako Gorbeian eta Aizkorri-Aratzen; eta biodibertsitatea babesteko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko neurriak, hala nola suteak prebenitzeko planak Izkin, Gorbeiako goiko aldeko bidexkak aldatzea higadura saihesteko edo Aizkorri-Aratzen putzuak eta iturriak hobetzea, fauna urtarraren eta bisitarien onurarako.
Energia eraginkortasuna da proiektuaren beste ardatzetako bat, eta lurraldeko lau parketxeak hobetzeko ekintzak hartzen ditu barnean: eguzki plakak eta pellet berogailuak jartzea, zentroetako argiztapena berritzea eta klimatizazio adimenduneko sistemak ezartzea. Horrez gain, parke naturaletako aparkaleku nagusietan ibilgailu elektrikoentzako kargaguneak jarriko dira. Ardatza osatzeko, bizikleta azpiegitura bat sortu eta hobetuko da Gorbeian eta Aizkorri-Aratzen.
Hirugarren ardatza trantsizio digitala da, eta parketxeen digitalizazioa ekarriko du, bereziki Valderejoko eta Gorbeiako parketxeena, eta interpretazio edukia eguneratuko da.
Azkenik, "laugarren ardatzaren muina turismoaren lehiakortasuna da, eta hainbat lan ildo garatuko ditu, hala nola parke naturalen natura eta kultura ondareari lotutako produktu berriak sortzea. Horrela, honako hauek egin nahi dira: Izki Startlight helmuga astronomiko gisa ziurtatu; Valderejoko janlekua bisitatzeko sistema bat ezarri, saien sarraski jateaz gozatzeko; eta argazkigintzarako hide edo ezkutalekuen sistema bat abian jarri, Gorbeian oreinen marrualdian filmaketak eta argazkiak ateratzea kudeatzeko. Valderejoko elementu arkeologikoen multzoari ere balioa eman nahi zaio", ondorioztatu zuten Arabako Foru Aldundiatik.