Síguenos en redes sociales:

Arabako Aldundiak landa eremuko udalerrietan etxeko laguntza zerbitzuaren kontratazioa lizitatu du

26,5 milioi eurotan finkatu du kontratazioaren gehieneko aurrekontua

Arabako Aldundiak landa eremuko udalerrietan etxeko laguntza zerbitzuaren kontratazioa lizitatu duUtzita

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) Administrazio Kontseiluak foru erakundeak 20.000 biztanletik beherako Arabako berrogeita hamar udalerrietan ematen duen etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko espedientea onetsi du. Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikitako erakunde autonomoak 26,5 milioi eurotan finkatu du kontratazioaren gehieneko aurrekontua, 2026ko abenduaren 31ra arte.

GOFE zerbitzu asistentzial, prebentibo eta inklusibo hori emateaz arduratzen da, autonomia mugatua duen pertsonari eguneroko bizitzako jardueretan laguntzeko eta etxean jarrai dezan. Horretarako, arreta pertsonaleko eta etxeko laguntza eskaintzen dio, etxean bertan moldatzeko eta ingurune komunitarioan integratzeko, isolamendu egoerak saihestuz.

Etxeko laguntza zerbitzuko laguntzaileek honako laguntza mota hauek ematen dituzte: norberaren garbiketa, janztea, jateko laguntzak edo jarrera aldaketak, etxea garbitzea, lisatzea, erosketak egitea, janaria prestatzea, ibilaldiak egitea, medikazioa hartzeko prozesua gainbegiratzea edo etxea administratzea.

2022an, Etxeko Laguntza Zerbitzuak, guztira, 994 pertsona artatu zituen 20.000 biztanletik beherako Arabako berrogeita hamar udalerrietan.

Deitutako kontratazio espedientean, GOFEk nahitaez bete beharrekotzat jotzen du Araban berriki sinatu den sektoreko eraginkortasun mugatuko hitzarmen kolektiboa, eta, ondorioz, kontuan hartu da kontratuaren prezioa finkatzeko orduan. 

Kontratuaren xedea lau sortatan banatu da, lurralde eremuen arabera, Arabako Lurralde Historikoko Gizarte Zerbitzuen Maparen zonakatzea kontuan hartuta. Hortaz, hauek dira sortak:

1. sorta: Aiarako Kuadrilla

2. sorta: Arabako Mendialdeko eta Arabako Lautadako kuadrillak

3. sorta: Añanako eta Gorbeialdeko kuadrillak

4. sorta: Guardia - Arabako Errioxako Kuadrilla

Etxeko laguntza zerbitzua udalen eskumena da, baina Arabako Foru Aldundiak zerbitzu hori kudeatzen du eta % 100 finantzatzen lurraldeko landa eremuko 50 udalerrietan, eskumen hori aldundian uztea erabaki baitzuten udal horiek.