Eusko Jaurlaritzak txosten bat egin du berriki, xehetasunez eta zenbakiz azaltzeko Arabako eta EAEko herritarren artean Internet eta mugikorraren erabilera asko handitu dela.
Txostenak hainbat datu ematen ditu, baina ondorio nagusi gisa azpimarratzen du Interneten erabilera, oro har, euskal gizarte osoan finkatzen ari dela (adinaren edo genero-arrazoiaren arabera dauden aldeak eskaintzen dituen arren), eta Interneten erabilera hori, batez ere, gailu mugikorraren bidez egiten dela.
Hala, txostenaren arabera, Euskal herritarrek uste dute datozen urteetan aldaketa sozial eta ekonomiko handiak edo dezentekoak egongo direla Euskadin ( % 76), baina ez dago adostasunik aldaketa horien balorazioari dagokionez: % 40k uste dute Euskadirentzat positiboak izango direla, eta % 38k, berriz, negatiboak izango direla. Beste % 11k diote besterik gabekoak izango direla, eta % 8k, berriz, alde batetik positiboak eta bestetik negatiboak izango direla. Adineko pertsonak eta gazteenak baikorragoak dira datozen aldaketa sozial eta ekonomikoei dagokienez.
Bestalde, herritarren erdiek uste dute beren eguneroko bizitzan teknologia berriak erabiltzeko gaitasun nahikoa dutela ( % 50). Aldagai hau estuki lotuta dago, alde batetik, adinarekin, zenbat eta gazteago orduan eta trebeago, eta beste alde batetik, sexuarekin, gizon gehiagok ( % 55) diote trebeak direla emakumezkoak baino ( % 47). Ehunekoa antzekoa da ikaskuntza digitaleko eta online ikaskuntzako aukerak baliatzeko gaitasunari dagokionez, eta % 41ek uste dute trebeak direla horretan. Kasu horretan ere, trebetasunaren pertzepzioa handiagoa da gazteenen eta gizonezkoen artean ( % 45, emakumezkoen % 38ren aldean). Lan munduan, ordea, lan egiten dutenen % 75ek sentitzen dute trebetasun nahikoa dutela bere lanean teknologia berriak erabiltzeko. Kasu honetan ere gazteak trebeago sentitzen dira, baina, aldiz, sexuen arteko aldea ez da hain esanguratsua (gizonen % 77 eta emakumeen % 73).