Duela egun batzuk jakinarazi da zein diren CSCAE Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Gorenaren Arkitektura Sarien 2022ko edizioaren bigarren fasera igaro diren hautatutako proiektuak. Estatu osoko 177 proiektu hautatuetatik hiru Arabakoak dira.  

Hiri eta lurralde plangintzaren arloan, Arabako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen Lurralde Plan Sektoriala hautatu da. Arabako Foru Aldundiko arkitekto eta teknikariek idatzi dute, KREAN S. Koop. sozietatearekin batera.Hautatutako beste biak Luis Zufiaur eta Javier Bárcenaren Gasteiz Antzokia-Ruiz de Bergaratarren Jauregia eta Malagako Unibertsitateko Gobernu Pabilioia, paraninfoa eta espazio berdeak dira. Azken horren egileetako bat Roberto Ercilla da. Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Arabako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen Lurralde Planak Arabako Bizikleta Bideen Foru Sarea eta Ibilbide Berdeen Sarea planifikatu, bultzatu eta sustatzea du helburu, eta natura, paisaia eta kultura balio handiko espazioekin elkarreragiten duten komunikazio azpiegiturak jartzen ditu gizartearen eskura. 

"Lehentasuna ematen zaio antzinako komunikazio bideak azpiegitura handien beharrik gabe berrerabiltzeari eta balioesteari. Nabarmentzekoa da Vasco-Navarro trenbide zaharra, Inaziotar eta Done Jakue bideak eta merkataritza ibilbideak berrerabili izana", azpimarratu du Arabako Foru Aldundiak. "Sari horien bidez, arkitekturaren eta hirigintzaren balio sozial eta kulturalak zabaldu nahi dira, eta pertsonen osasunean, ongizatean eta segurtasunean eta planetaren jasangarritasunean duten garrantzia aldarrikatu, eta, aldi berean, lanbidea gauzatzeko modu desberdinetako ibilbide profesional bikainak aitortu", ondorioztatu du.