Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eguraldi eguzkitsua aurreikusten du aste honetako lehen hiru egunetarako. Hala, meteorologia-agentzia horrek iragarri duenez, Araban, hurrengo hiru egunak (egunekoa barne) antzekoak izango dira, eguzkia eta eguraldi ona izango da, askoz argi gehiago duten ibilaldi edo jardunaldiez gozatzeko.

Hala, gaurko, giroa eguzkitsua izango da, baina arratsaldean ipar-ekialdeko haize fina ibiliko denez, tenperatura maximoek berdintsu jarraituko dute eta 17 gradu ingurukoak izango dira. Zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da; iparraldean behe-hodei batzuk agertuko dira, batez ere ipar-ekialdean eta egunaren amaieran.

Bihar, asteartean, egunaren lehen partean hodeiguneak pilatuko dira ipar partean eta hegoaldean eguzkitsu egongo da. Eguerdi parterako jaso egingo du ipar isurialdean eta arratsaldean eguzkitsu egongo da denean. Ipar-ekialdeko haizea ibiliko da. Nafarroa hegoaldean ziertzoa apur bat baretu egingo da. "Tenperatura maximoetan ez da gorabehera handirik izango", azaldu dute iturri berberek. Goizaldean hotz egingo du; Araba eta Nafarroako zenbait lekutan izotza egin dezake.

Asteazkenean, berriro ere, urdin ikusiko dugu zerua eta ateri egongo da. Tenperatura egunez dezente igoko da eta balio altuenak 20 gradu ingurukoak edo altuagoak izango dira. Egunsentian hotz egiten jarraituko du eta baliteke berriro ere Araba eta Nafarroako zenbait lekutan izotza egitea. Ekialdeko eta hego-ekialdeko haizea ibiliko da, Euskalmetek ondorioztatu duenez.