- Pandemiak eta joan den urtean mugitzeko murriztapenek, espero zitekeen bezala, ondorio zuzenak izan dituzte turismoan. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak 2020ko turismoaren kontu sateliteen txostenean egindako azken txostenaren arabera, gastu turistikoa %40 baino gehiago jaitsi zen iaz.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, txostenean adierazten denez, “2020ko pandemiak eta mugikortasunaren murrizketek Euskadiko turismo-gastuaren osagai guztiei eragin zieten, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarrek kanpoan eginiko turismo-gastuari ere”. Gastu hori 2.878 milioi eurokoa izan zen EAEn, 2019an baino ia 2.206 milioi gutxiago, hau da, % 43,4 gutxiago, datuen erabera. BPG-Barne Produktu Gordinaren ehunekotan, turismo-gastua 2,4 puntu jaitsi zen: 2019an % 6,4 izatetik 2020an % 4,0 izatera.
Ildo beretik, iaz osasun-krisiak turismo igorleari zein turismo hartzaileari eragin zien. “Bi magnitudeak urtebete lehenago lortutako balioen erdira baino gutxiagora murriztu ziren”, azpimarratzen dute. Kopuru absolututan, murrizketa handiagoa izan zen turismo igorlean, eta horrek EAEko turismo-saldoa hobetzea ekarri zuen, “2019an -1.702 milioi eurokoa izatetik 2020an -616 milioi eurokoa izatera igaro baitzen. BPGren ehunekotan, datu horien arabera, saldo turistikoa 2019an -% 2,1ekoa izatetik 2020an -% 0,9koa izatera igaro zen”, nabarmendu dute.
Mugikortasun-murrizketen eraginak hiru lurraldeetan izan zuen eragina. Bizkaian izan zen jaitsierarik handiena, % 45,7koa; hau da, 2019an baino 1,7 puntu gutxiago. Gipuzkoan % 42,7ko jaitsiera izan zen, baina turismoko gastu osoan duen partaidetza puntu erdi igo zen. Bestalde, Araban jaitsiera txikiagoa izan zen, % 38,1ekoa, eta turismo-gastu osoari eginiko ekarpena 1,2 puntu igo zen.
“Osasun-krisiak gastu turistikoa osatzen duten bi agregatuei eragin zien, baina eragina handiagoa izan zen Turismo hartzailean. Gastuaren osagai horretan sartzen da atzerritik eta Espainiako gainerako lekuetatik etorritako pertsonen turismo-gastua Euskadin, eta, 2020an, % 55,2 murriztu zen aurreko urtearekin alderatuta”, esan dute. Adierazi dutenez, turismo-gastuaren bestelako osagaien artean sartzen dira Euskal AEko egoiliarrek Euskal AEn bertan egiten duten turismo-gastua, Administrazio publikoek turismoarekin lotutako programetan egiten duten gastua eta turismoaren berezko jarduera-adarren Kapital Eraketa Gordina (Inbertsioa). “Pandemiak bigarren agregatu horri ere eragin zion, baina modu arinagoan, eta murrizketa % 25,9koa izan zen aurreko ekitaldiarekin alderatuta”.