- Emakunde Saria, 2021eko edizioan, genero-ikuspegia txertatu duten eta emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometituta dauden kazetarientzat izan da. Hala, sariaren epaimahaiak saria eman zien kazetaritzako prestakuntza genero-ikuspegiarekin eta aplikazio praktikoarekin sinbolizatzen duten hiru figurari, bai orotariko ingurunean bai espezializatuan. Atzo jakinarazi zuten bezala, saritutako hautagaiak Lucia Martínez Odriozola irakasle eta kazetaria, joan den abuztuan hil zena, Berria egunkaria eta Pikara Magazine aldizkaria izan ziren.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak adierazi zuen bezala, "ezinbestekoa den genero ikuspegia txertatua duen formakuntzatik, aplikazio praktikora dagoen bidea saritu da". "Sari partekatua emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometitutako komunikazio eta kazetaritzaren alde egindako ekarpenagatik eman zaie, kazetaritza-zereginean ikuspegi feminista eta genero-ikuspegia sustatzeagatik", gaineratu zuen. Bereziki, Lucía Martínez Odriozolak arlo akademikoari eta kazetaritzari egindako ekarpen aitzindari eta erreferentziala nabarmendu zuen epaimahaiak, bai eta kazetaritza generalistari eta kazetaritza espezializatuari egindako ekarpena ere. EHUko Informazio Zientzien Fakultateko irakaslea, Genero ikuspegia duen Kazetarien Euskal sarearen sustatzailea eta Pikara Magazineren sortzailea izan zen. Epaimahaiak nabarmendu zuen, gainera, Emakundeko Begira, Publizitate eta Komunikazio ez-sexistarako Aholku Batzordeko kidea izan zela 2013tik, eta, bertan, bere trebetasuna eta ezagutza eskaini zituela hil zen arte. Pikara Magazine aldizkaria, bestalde, aldizkari feminista da, eta epaimahaiaren arabera, erreferentziazko gune bihurtu da "giza eskubideekiko konpromisoagatik", "batez ere berdintasunarekiko konpromisoagatik, emakumeen mugimenduen jardueren dokumentazioarekiko konpromisoagatik, eta emakumeek hedabideetan parte hartzeko, eztabaidatzeko, komunikatzeko trebetasunak hobetzeko eta sare sozialen erabilera deskubritzeko eskaintzen dituen aukerengatik", azaldu zuten Emakundetik. Era berean, Euskadin komunikazio eta publizitate ez-sexistarako kode deontologikoari eta autorregulazio-kodeari atxikitzeko sarearen parte direla gaineratu zuten. Azkenik, epaimahaiak nabarmendu zuen Berria egunkariak berdintasunarekin eta feminismoarekin duen konpromisoa. Azaldu zutenez, "kalitatezko" informazioa biltzen duen kazetaritza-lana saritzen dute, "erredakzio-laneko eguneroko praktika" gisa genero-ikuspegia txertatzen duena. "Bereziki nabarmentzekoa da indarkeria matxisten tratamenduari egiten dioten ekarpena. Estilo-liburuak egin ditu, berdintasun-planak diseinatu ditu, Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitortu du, eta Begira Komunikazio eta Publizitate ez Sexisten Kode Deontologikoaren sareko kide da eta BAI Sareako kide ere bai, biak Emakundek sustatuak", azpimarratu zuten. Ildo horretan, epaimahaiak nabarmendu zuen jardunbide egoki horiek guztiak erreferentzialak direla "orotariko gainerako komunikabideentzat", azaldu zuten.
Halaber, epaimahaiak beste profesional batzuei ere aintzatespena eman nahi izan zien, "egunero erakusten baitute berdintasunarekiko konpromisoa, bai eta ikuspegi feminista eta generoa barne hartzen dituen kalitatezko kazetaritza sustatuz lan egiten duten komunikabide guztiei ere".
"Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da. Kasu honetan, hiru hautagaitzen artean banatuko da", ondorioztatu zuten atzo Emakundetik.
Bestalde, iaz, Berdintasunaren aldeko Emakunde Sariaren Epaimahaiak aho batez erabaki zuen Askabide elkarteari ematea Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria 2020ko edizioan. Elkarte hori irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta Euskadin prostituzioan diharduten emakumeen eta gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeen kolektiboaren normalizazioaren eta gizarteratzearen alde lan egiten du. Epaimahaiak azpimarratu zuenez, sari hori "35 urte baino gehiagoko ekarpenari ematen zaio", ondorioztatu zuten.
Saria. Emakunde Saria, 2021eko edizioan, genero-ikuspegia txertatu duten eta emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometituta dauden kazetarientzat izan da. Hala, sariaren epaimahaiak saria eman zien kazetaritzako prestakuntza genero-ikuspegiarekin eta aplikazio praktikoarekin sinbolizatzen duten hiru figurari, bai orotariko ingurunean bai espezializatuan. Atzo jakinarazi zuten bezala, saritutako hautagaiak Lucia Martínez Odriozola irakasle eta kazetaria, joan den abuztuan hil zena, Berria egunkaria eta Pikara Magazine aldizkaria izan ziren.
Helburua. Halaber, epaimahaiak beste profesional batzuei ere aintzatespena eman nahi izan zien, "egunero erakusten baitute berdintasunarekiko konpromisoa, bai eta ikuspegi feminista eta generoa barne hartzen dituen kalitatezko kazetaritza sustatuz lan egiten duten komunikabide guztiei ere". Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea.
"Ezinbestekoa den genero ikuspegia txertatua duen formakuntzatik, aplikazio praktikora dagoen bidea saritu da", azpimarratu zuen atzo prentsaurrekoan.