Aldaketa batzuk udalek kudeatzen dituzten zergen foru arauetan. Horixe proposatu zuen atzo Euskal Herria Bildu talde politikoak; zehazki, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zerga, Ondasun Higiezinen gainekoa eta eraikuntzan, eta Instalazio eta Obren Zerga aldatzea. Alderdi politiko horrek azaldu zuenez, aldaketa horien helburu nagusiak dira gehien kutsatzen duten ibilgailuek gehiago ordaintzea, eraikinen energia eraginkortasuna hobetzea eta Eliza Katolikoen pribilegioak amaitzea.
Horrela, Nerea Martínez EH Bilduko batzarkideak adierazi du zerga-sistemak eta, bereziki, tokiko erakundeek jasotzen dituzten zergek badutela tartea sistema bidezkoago eta progresiboago baten aldeko apustua egiteko, “non gehien dutenek ekarpen handiagoa egingo duten eta errenta baxuenak eta biztanleria-sektore ahulenak babestuko diren”. Bere hitzetan, “egungo ereduaren desorekak zuzentzea dute helburu moldaketek. Ezinbestekoa da zergek eta zerga-sistemak ekitatea eta justizia soziala hobetzea”. Bere aburuz, “udal-zergak eta, beraz, horiek arautzen dituzten foru-arauak tresna egokiak dira klima-larrialdiari aurre egiten laguntzeko, betiere progresibitatearen eta zerga-ekitatearen ikuspegitik”.
Atzo zehaztu zuten bezala, Euskal Herria Bildutik ibilgailuen gaineko zergan autoen tarifen taula aldatzea proposatzen dute, eta helburu nagusia da ibilgailu kutsagarrienek gehiago ordaintzea. Gainera, Martinezek azaldu zuen Arabako araua “ez dela bizkaitarra edo gipuzkoarra bezain progresiboa”. “Klima-larrialdiari aurre egiteko, eraikinen energia-eraginkortasuna da klima-aldaketaren aurkako gakoetako bat, baita lurzoru urbanizagarriak neurririk gabe areagotzea ere”, azpimarratu zuen. Hori dela eta, EH Bilduk proposatu zuen etxebizitzak birgaitzea lehenestea, fiskalki, eraikuntza berriko obren aurretik. “Horri erantzuten diote OHZ eta EIOZen foru-arauetako moldaketek”, zehaztu zuen. OHZri dagokionez, “Eliza Katolikoaren zerga-pribilegio anakroniko eta bidegabeak amaitu behar dira, eta berehala berrikusi behar da haren zerga-egoera”,ondorioztatu zuen.
Ez da lehen aldia alderdi politiko horrek zenbait zerga aldatzeko proposamenak egiten dituela “justizia sozial baterako”. Era berean, ez da lehen aldia “eliza katolikoaren pribilegioekin amaitzeko” ahaleginak bideratzen dituztela. Adibidez, joan den urtean, EH Bilduk Eliza OHZ ordaintzetik salbuesten duen foru-araua aldatzeko eskatu zuen. Kasu horretan, EH Bilduren udal eta foru taldeek agerraldia egin zuten, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko araua alda dadin eskatzeko eta horrela Eliza Katolikoak zerga ordaindu dezan eta pribilegio fiskalak “izateari utz diezaion”. “EH Bilduren eskaera historikoa da, Elizak OHZ ordaindu ahal izatea ahalbidetuko duen aldaketa batean oinarritzen da eta gurtzarako ez diren espazio guztietan aplikatuko lirateke”, adierazi zuten.
Martinezek azpimarratu zuenez, “beharrezkoa eta funtsezkoa” da pribilegio fiskal horiekin amaitzea. Ezinbestekotzat jo zuen ere, OHZ arautzen duen araudiaren egoera fiskalaren berrikuspena egitea, horrela argituz “Eliza katolikoaren zein ondasunek egon behar duten zerga hori ordaintzetik salbuetsita eta zeintzuk ez”.
Oraingoan, Elizaren pribilegioak kentzeko beste proposamen batzuk egin dituzte, adierazi dutenez, baina baita ibilgailu kutsagarrienek zerga gehiago ordaindu eta eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko ere.
Helburua. EH Bildu Arabako batzarkide taldeak proposatu du zenbait moldaketa egitea udalek kudeatzen dituzten zergen foru-arauetan, zehazki, Trakzio
Mekanikoko Ibilgailuen Zergan (TMIZ), ondasun higiezinen gainekoan (OHZ) eta eraikuntza, instalazio eta obren gainekoan (EIOZ). Aldaketa horien helburu nagusiak dira gehien kutsatzen duten ibilgailuek gehiago ordaintzea, eraikinen energia eraginkortasuna hobetzea eta Eliza Katolikoen pribilegioak amaitzea.
Tartea. Nerea Martinez EH Bilduko batzarkideak adierazi du zerga-sistemak eta, bereziki, tokiko erakundeek jasotzen dituzten zergek badutela tartea sistema bidezkoago eta progresiboago baten aldeko apustua egiteko, “non gehien dutenek ekarpen handiagoa egingo duten eta errenta baxuenak eta biztanleria-sektore ahulenak babestuko diren”, azpimarratu zuen atzo Nerea Martínez alderdi politiko horren batzarkideak.