- “Pentsioen sistema publikoaren erreforma hain sakona da, zein bi zatitan egingo diren: lehenengoa, erretirorako sarbidea murriztu eta gogortuz; bigarrena, Banaketako Pentsioen Sistema Publikoaren zati bat pribatizatuz eta banku pribatura pasatuz”. Hitz horiekin, Arabako Pentsionisten mugimenduak beraien eskubideen kalitatea eta pentsio duinak aste bat gehiago aldarrikatu dituzte. Aste honetan, 300 pentsiodun inguruk murrizketei buruzko azalpenak eman nahi izan dituzte, eta horrek pentsioei dakarzkien ondorioak azaldu.
“Pentsioen erreformaren lehen blokeari tramitazio parlamentarioa baino ez zaio geratzen. Murrizketen paketeak aldaketa batzuk izan ditzake oraindik. Lehenengo pakete horretan, ez dute kontuan hartzen 1080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarrikapena; alarguntasun-pentsioa, % 100, ahaztu egiten dute; eta Gutxieneko Pentsioa oraindik ere urrun dago batez besteko soldataren % 60tik, Europako GutunSozialak agintzen duen bezala”, gaineratu zuten. “Gainera, koefiziente murriztaileen eta erretiro-adinaren igoerek pentsioak murriztea eta gazteak lan-munduan sartzeko oztopo izatea dakarte. Kotizazio karrera luzeek ere danbateko handia jaso dute”. Azaldu zutenez, orain abiatuko da 2013ko iraunkortasun-faktorea ordeztu nahi duen belaunaldien arteko ekitate- mekanismoaren proposamena; izan ere, horrek etorkizuneko pentsiodunen prestazioak nabarmen jaistea zekarren, eta “Bruselari agindu zaio Berreskuratze eta erresilientzia Planaren barruan”.
Baloratu zutenez, negoziaketa “konplexua” izango da, mahaiko sindikatuek Escrivá ministroaren kontrako abiapuntuak dituztela adierazi dute, eta Gobernuak azaroaren 15erako amaitu nahi du. “Baina beldur gara ez ote den izen aldaketa baino izango. Escrivák adierazi zuenez, mekanismo berriak 2013ko iraunkortasun-faktorearen gastu murrizketa bera bilatuko du pentsioetan. Murrizketa horrek pentsioa murriztea edo pertsona horiek erretiroa beranduago hartu behar izatea ekarriko lukeela esan du. Gero “gogoetak” zirela esan zuen. Egia esan, benetako murrizketak dira”, azpimarratu zuten. “Asteroko mobilizazioez gain, Estatu mailako mobilizazioak deitu ditugu: 16an manifestazioak Madrilen, eta mobilizazio orokorra Estatuko herri eta erkidego guztietan, azaroaren 13an”