- Covid-19aren pandemiak erabat aldatu du gure egunerokotasuna. Egoera hau ez da erraza inorentzat, baina Gasteizko Mintzalgun taldeak nahiko ondo moldatzen ari dira errealitate berri honetara. Itxialdiak iraun zuen bitartean martxotik maiatzera, ulertu zuten ezin zirela tabernetan elkartu baina gehienek kontaktuan jarraitu zuten, haien asteroko hitzordua modu batean zein bestean mantenduz, adibidez, online bidezko bilerak antolatuz. Momentu horretan 70 Mintzalagun talde zeuden Gasteizen, eta orotara 634 mintzalagun ziren.

Kurtso berria hasi da eta urriaren 1etik 31ra bitartean izango da zabalik Gasteizko Mintzalagunean izena emateko epea. Pandemia dela eta, momentuan momentuko osasun egoerara moldatuko da egitasmoa, Osasun sailak markatutako irizpideei jarraituz. Galdetegia bete ostean (https://geuelkartea.eus/gasteizko-mintzalaguna/eman-izena), kuota ordaindu eta ordainagiria bidali behar da (whatsapp-ez: 688 734 941 telefonora, edo emailez info@gasteizkomintzalaguna.eus helbidera). Izan ere, taldekatua izateko ezinbestekoa izango da urteko kuota ordainduta izatea (24 euro).

"Kanpaina berri honetan elkartasuna eta elkar zainketa nabarmendu nahi izan ditugu Mintzalagunean. Euskara eta harreman pertsonalak ardatzean jarri ditugu urtero bezala, baina erantzukizuna eta segurtasuna dira ikasturte honetan lehentasunak, eta horrela ikusten da kanpainan eta Gasteizko Mintzalaguna egitasmoaren funtzionamenduan", adierazi du Mintzalaguneko teknikari Zuriñe Gilek.

Covid-19aren eragina nabarmena izango da. Baina parte-hartzaileak ingurune seguru batean daudela helarazi eta ziurtatu nahi dute teknikariek, horretarako aukera desberdinak proposatuz. "Orokorrean Mintzalagun talde bat egonkortzen bada eta kideen artean erlazio sozialak ehuntzen direnean, taldeak aurrera jarraitzen du eta gure esperientzian ikusi duguna da, bideak topatzen dituztela elkartzen jarraitzeko", adierazi du Mintzalaguneko teknikari Dorleta Martinez de Albenizek.

"Momentura arte kontaktatu ditugun taldeek terrazetan edo zabalak diren tabernetan elkartzea hobesten dute, adibidez", dio Martinez de Albenizek. Aurten, online taldeak ere osatzea eskaintzen dute ikasturte hasieratik; orain arte online bidezko bilerak ez dira haien esparrua izan, baina egoerari aurre egiteko eta Mintzalagun guztiei aukera eskaintzeko bidea da.

Hasi dira dagoeneko izen emate kanpainarekin, eta lagun berriek eta pasa den urtean Mintzalagunean aritzen ziren kideek eman dezakete izena. Pasa den urteko talde gehienek (modu batean edo bestean) jarraituko dute, eta martxan daude asko. Mintzalagun talde guztiei protokolo berezia helaraztea eta beraiekin batera bileretan irakurtzea izango da GEU Elkartearen langileen lehenetariko lana ikasturte honetan. "Hor gaudela transmititu nahi dugu antolatzaileek, eta covid garaian ere euskaraz bizitzea, lagun berriak egitea eta hitz egitea antidoto ona izan daitekeela", aipatu du Mintzalaguneko teknikari Oier Azkarragak.

Martxoaren hasieran Gasteizko Mintzalagun taldeei aurrez aurre ez biltzeko aholkua eman zien GEU Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren gomendioak jarraituz. "Eta konfinamendua hasi bezain laster, martxoaren erdialde aldera taldeek tabernetan elkartzeari utzi zioten", gogoratu du Zuriñe Gilek. Hori dela eta, GEU Elkartetik irtenbidea proposatu zuten: bideo dei bidezko Gasteizko Mintzalagun bilerak. Ondorioz, talde asko online moduan bildu dira azken hilabete hauetan.

Aurreko ikasturtearen amaieran, talde batzuk berriro aurrez aurre elkartu ziren aste batzuetan zehar, eta beste batzuk online jarraitu zuten. Beraz, kontaktua eta ohiturak mantendu dira egoerak baimentzen duen neurriekin eta hori oso onuragarria izan da, euskararen erabilera eta euskaraz egiten diren harreman horiek ez galtzeko.

Konfinamenduan zehar lehentasunak aldatu ziren eta horren ondorioz hainbat esparrutan euskara bigarren maila batera pasatu zen zoritxarrez. Gainera, kontuan hartu behar da etxeko errealitate asko ez direla euskaldunak eta lagun askoren euskararekiko harremana oso eskasa dela.

Pertsona askorentzat Mintzalaguna da euskaraz modu lasai eta atsegin batean hitz egiteko tarte bakarrenetarikoa, eta talde gehienek harreman afektibo handia sortu dute. "Horregatik, bilera hauek modu batean zein bestean egiteko tresnak bilatu ditugu hasieratik", aipatu du Zuriñe Gilek.

Mintzalagunak astean behin euskaraz hitz egiteko elkartzen ditu Gasteizko taldekideak, normalean taberna edo elkarte gastronomikoetan, ordubetez. Baina argi dago bizi ari garen egoera ez ohiko honetan askoz zailagoa izango dela errutina hori mantentzea.

"Konfinamenduan argi ikusi genuen GEU Elkartearen ardura zela euskararen presentzia bermatzea, batez ere Mintzalagunen artean euskararen erabilera bizirik mantentzeko aukerak eskainiz. Hori izan zen gure ekarpen txikia arazo horren aurrean, eta zentzu horretan lanean jarraituko dugu etortzen direnak etortzen direla. Hala ere, zaila egiten zaigu oraingo egoerak euskararen erabileraren hastapenetan daudenentzat izango duen benetako eragina aurreikustea", aipatu du teknikari Esti Rodriguezek.

Konfinamendua bete behar izan genuen pandemiari aurre egiteko, eta ehunka ekimen bertan behera geratu ziren Gasteizen. Horren ondorioz, GEU Elkarteak hainbeste aukera eskaini zigun Interneten bidez etxean euskaraz praktikatzeko asmoz. Adibidez, maiatza poesiaren hilabetea izan zen Gasteizen, eta euskarazko olerkiak sortzea proposatu zuen GEU elkarteak.

Jende berria erakartzea da Gasteizko Mintzalguneko aurtengo erronka. Ezohiko egoera honen aurrean eta kontuan izanda hurrengo hilabeteetan gertatuko dena aurreikustea zaila dela, teknikariek uste dute aurreko urteetan baino mintzalagun berri gutxiago animatuko direla izena ematera. Horregatik, GEU elkartetik euskaraz aritzen jarraitzera animatu nahi dute jendea.

"Parte- hartzaileak ingurune seguru batean daudela helarazi eta ziurtatu nahi dugu"

Mintzalaguneko teknikaria

"Erantzukizuna eta segurtasuna dira Mintzalaguneko ikasturte honetan lehentasunak"

Mintzalaguneko teknikaria