- Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren deialdi bateratuko hautaprobak gaur bertan ospatuko dira Bilbao Exhibition Centerren. Guztira, segurtasun sailak prentsa-ohar baten bidez atzo aurreratu zuenez, 5.550 pertsona daude deituta Ertzaintzako oinarrizko eskalako 700 agente plaza eta Euskadiko 26 udaletako beste 111 udaltzain plaza betetzeko hautaproba hauetan parte hartzera.

Datuen arabera, onartutako 5.550 pertsona horietatik, 4.057 -% 73a, alegia- gizonezkoak direla argitu zuen sailak eta gainontzeko 1.493 -hau da, % 27a- emakumezkoak.

Bestalde, eta jatorriari dagokionez, azpimarratu zuten “analisietatik ondorioztatzen denez, 3.217, hau da, %57,9, Bizkaikoak direla; 1.112, hau da, %20, Gipuzkoakoak; eta 693, %12,5, Arabakoak.

Segurtasun neurriak ere bermatuko dira azterketa hauetan. Izan ere, Bilbao Exhibition Centerraren bost pabiloitan egingo dira hauek, era horretan segurtasun-tarteak bermatu ahal izateko. Gainera, adierazi zutenez, bi sarbide izango dira, BECaren iparraldera eta hegoaldera. “Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako pertsonalak gel hidroalkoholikoa banatuko du, eta azterketa egitera doazen izangaiek maskara jantzi beharko dute”, gogoratu zuen sailak amaitzeko. Parte-hartzaileek 7.30etan sartu ahalko dira pabiloian, eta azterketa 8.15etan hasiko dela aurreratu dute Bilbao Exhibition Centerraren web orrialdean. Bertan ere, https://bilbaoexhibitioncentre.com/eventos/ope-ertzaintza-udaltzaingoa-2020/-en, hara heltzeko ibilbideak azaltzen dira.