- Alokabidek Salburuan kudeatzen duen eraikinean, Ferrocarril del Norte eta Itinerario de Antonino kaleetan dagoena, hiru etxebizitza daude okupatuta momentu honetan. Hala salatu dute auzokoek, lapurretak eta beste delitu batzuk jasan dituztelako azken hilabete hauetan.
Okupak urtarriletik daudela dio bere burua anonimotasunean mantendu nahi izan duen auzoko batek. “Handik aurrera, sortzen ari ziren arazoen berri izaten hasi ginen. Entzun nuen auzokide batzuk lapurretak pairatu zituztela, adibidez horietako baten furgoneta ireki zutela; eta beste baten autoa eraman zuten eta kanpoko herri batean agertu zela”, azaltzen du.
DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin hitz egin duen auzoko honi ere autoan zeukan irratia lapurtu zioten, eta gero trastelekuak ireki zizkieten; “guztiak zabaldu zituzten”, dio. Mehatxuak ere jaso dituztela salatu dute auzokideek. “Nik hemen Itinerario de Antonino kalean denetarik ikusi dut. Egun batean, gauean, auzokide bat labana batekin mehatxatu zutela entzun nuen, eta 2. zenbakian ere arazoak dituzte egunero; atariak hondatuta daude, zaborrarekin, aurka egiten dizute, etab.”, adierazten du auzokide honek.
Komunitatearen gestoriarekin jarri dira gainera harremanetan, baita Alokabiderekin ere, guztien artean konponbide bat aurkitzeko helburuarekin. “Nik astean hirutan deitzen dut Alokabiderekin hitz egiteko, baita gestoriak ere, eta ez dugu erantzunik jaso”, azpimarratu du.
Azaltzen duenez, jaso duten erantzun “bakarra” izan da kasu hauek epaitegietan daudela. “Ulertzen dugu covid-19a dela eta, konfinamenduan, epaitegiak gelditu zirela, eta gaia zaila dela, baina ematen diguten konponbide bakarra da autoak kalean uztea eta balio handiko objektuak ez uztea trastelekuetan”, kontatu du auzokideak.
Hala ere, hientzat hori ez da “nahikoa”. Trastelekua eta garajea erabiltzeagatik ordaintzen dutela gogoratzen du, eta 123 etxebizitza izanda, kalean aparkatzeko arazoak izango zituztela deritzo gainera. “Taberna bat daukagu, eta Lanbideren bulego bat; ez daude hainbeste aparkaleku guztiontzat, eta etxebizitzarekin datozenak ordaintzen ditugu halaber”.
Horregatik, auzokoek eskatzen dutena da segurtasun neurriren bat hartzea; hala nola, kameren bidez edo segurtasun guardia bat kontratatuz. “Hamar urte daramat hemen eta azken urte hauetan ez dugu arazorik izan. Bizikidetza normala izan da, eta eskatzen duguna da gure segurtasuna bermatzea, hemen familiak bizi direlako ume txikiekin. Horregatik, orain konponbideren bat aurkitzea eskatzen dugu”.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak, bere partez, DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin hitz egin nahi izan du honen inguruan, eta hiru kasuak justiziaren esku daudela berretsi du.
“Hasieratik daude epailearen eskuetan. Zehazki, Itinerario de Antonino kalean dagoenaren kasuan, urtarrilean aurkeztu zen demanda eta izapideak epaitegian egiten ari dira”, azaltzen du sailak, eta Ferrocarril del Norte kaleko 2. zenbakikoa ere urtarrilean aurkeztu zen. Ferrocarril del Norteko 1. zenbakiaren inguruko demanda ekainean aurkeztu zen, informazioa momentu horretan heldu zitzaielako. . Hala ere, covid-19ak ekarritako konfinamenduak izapide guzti hauek moteldu zituen.
Alokabidek auzokideen kexak jaso dituela ere adierazi du sail honen komunikazio arloak. “Hauei demandak aurkeztu ditugula azaldu zaie, eta egoera normaltasunera itzultzeko gure esku dagoen guztia egiten ari garela -hau kudeatzen duen finka administratzailearekin ere hitz egin dugu-, baina gauza gutxi egin ditzake Alokabidek ordena publikoa eta lapurreta kasuetan, gizartean esku-hartze talde bat daukalako, baina kasu hauen aurrean eta etxebizitzak berreskuratu arte gauza gutxi egin daiteke”, adierazten du.
Bestalde, eta segurtasun neurrien inguruan, Alokabidek dituen eraikinetan, barne kamerak jarri dira soilik, norbaitek etxebizitza batean indarrez sartzen denean, pisu horren atean jartzen direnak. “Ezin dituzu toki komunetan kamerak jarri ez badaukazu baimen judiziala horretarako. Dena oso araututa egon behar da”.
Egoera hau pairatzen dutenek auzokoak direla aitortzen dute gainera, eta hau guztia konpontzeko lan egiten dabiltzatela diote. “Alokabideren etxebizitzak okupatzen dituztenean, arazoa larria da. Izan ere, alokairua amaitzen denean eta familia berri bat sartuko den arte, denbora tarte batean daude hutsik pisu hauek, egokitze lanak eta izapideak egiten diren bitartean”.
Okupazio hauek tarte horretan ematen direnean, eta baldintza guztiak betetzen dituen familia bat sartzear dagoenean, “itxarote-zerrendan dagoena eta honen beharra duena, pisu hori gabe geratzen da”, azaltzen du. Horregatik, hau lehenbailehen konpontzea ere espero dute sailekoek.
Ferrocarril del Norte. Hiru demanda aurkeztu dituzte guztira, okupatutako hiru etxebizitzengatik. Ferrocarril del Norte kaleko 2. zenbakikoa urtarrilean aurkeztu zen eta bertako 1. zenbakiaren inguruko demanda ekainean aurkeztu zen.
Itinerario de Antonino. Itinerario de Antonino kaleari dagokionez ere demanda bat aurkeztu zuten, hiru okupazio horietatik bat bertakoa zelako. Kale honetan, zehazki, urtarrilean aurkeztu zuten demanda, Ferrocarril del Norteko 2. zenbakian bezala.