- Aste honetatik eta abuztuaren 9ra arte, GEU elkarteak diru bilketa kanpaina jarri du abian, Euskararen Txanda lelopean, banakako ekarpenak jasotzeko. Gasteizko jaiak bertan behera gelditzearekin batera, Aihotz plazako txosna kudeatu gabe geratu da aurten elkartea, eta auto-finantzaketa iturri nagusia galdu du. Egoera latz horri aurre egiteko, crowdfunding kanpaina bat abiatu du GEUk (edo euskaraz esanda, diru bilketa), urte osoan zehar euskara sustatzeko ekimenak antolatzen jarraitu ahal izateko, adibidez, Gasteizko Mintzalaguna, Euskaraldia, Parral emanaldiak eta GEUrekin Mendira, besteak beste.
Txosna babesteak, saria dakar ideian dago oinarrituta, hain zuzen ere, lortutako diruak urte osoan zehar euskara sustatzeko ekimenak finantziatzen lagunduko du eta. Itsulapikoa.eus plataforman gauzatuko da kanpaina, eta han egin ahal dira banakako ekarpenak (www.itsulapikoa.eus/eu/proiektuak/euskararen-txanda-geu-lagunduz-gasteizen-euskarak-aurrera-darrai/).
Covid-19k sortutako egoerak 2020. urtean GEU elkarteak antolatzen dituen hainbat ekintza kolokan utzi ditu. Pandemiaren ondorioz, ez dira Gasteizko jaiak ospatuko abuztuan, eta elkarteak ez du txosnarik jarriko Matxete-Aihotz plazan. Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalek abuztuan jairik ez egitea adostu dute, osasun alorreko aholkuak eta ekitaldi jendetsuak egiteko ezintasuna kontuan izanik.
Gasteizko euskaldunontzat gune erreferentea izateaz aparte, GEU elkarteak urtean zehar antolatzen dituen ekintza askorentzat diru iturri nagusia da txosna. Eta horregatik diru sarrera hori gabe, ekintza ugari arriskuan geratzen dira. Aurre egiteko, GEU elkarteak laguntza ekonomikoa eskatu du.
GEU elkarteak konfinamendu egoeran aurrera egin zuen, bazkide, mintzalagun eta Gasteizko euskaltzale guztiei euskarazko eskaintza bermatze aldera. Arduradunek gogoratu dutenez, elkartearen eguneroko lana birmoldatu eta molde berrietara ekarri zuen konfinamenduak: Mintzalaguna online, Twitter bidezko mikroipuin lehiaketa, Maiatza eta olerkia edota Instagram bidezko elkarrizketak eragile ezberdinekin izan dira egindako ekintza batzuk.
Itxialdian zehar milaka ekimen bertan behera geratu ziren Gasteizen koronabirusaren hedapena eteteko helburuz, eta konfinamendua bete behar izan genuen pandemiari aurre egiteko. Horren ondorioz, itxialdiak iraun zuen bitartean, etxean euskaraz praktikatzeko hainbeste aukera izan ziren, eta online bidezko ekitaldiak zabaldu ziren, adibidez, Gasteizko Mintzalagunen bilerak.
Konfinamendu garaian aurrez aurre elkartzeko aukerarik ez genuenez, mintzapraktika saioak antolatu zituzten teknologia berriak baliatuz eta Internet bidezko sare handia osatuz, mintzalagunek hitzordua mantentzeko etxetik.
Nahiz eta konfinamendua bukatu, covid-19ak sortutako egoerak ezinezko egiten du aforo handiak biltzea eta horrek guztiz baldintzatzen du hirietako jaien antolakuntza. Ez da jairik ospatuko Euskal Herriko hiriburuetan. Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek bide berdina jarraitu dute. Eta horren ondorioz, GEU elkarteak ez du txosnarik jarriko Matxete-Aihotz plazan.
Txosna hori, Gasteizko euskaldunon gune erreferentea izateaz gain, elkarteak antolatzen dituen ekintza askorentzako diru iturri nagusia da. Iturri hori bertan behera gelditzeak erabat baldintzatu du elkartearen auto-finantzaketa eta urte osoan zehar euskara sustatzeko ekimenak antolatzeko aukera.
"Aurre egiteko, crowdfunding kanpaina bat abiatu dugu, edo euskaraz esanda, diru bilketa bat. Elkarteak behar duelako, Gasteizek behar duelako. Gasteiz euskararen alaitasunez bete nahi dugulako, jaietan dugun alaitasun hori guztia kutsakorra izatea nahi dugulako. Beraz, aurten jaietan gastatuko ez dituzun dirutxo horietako batzuk bideratzea eskatu nahi dizugu", azaldu dute antolatzaileek.
Gasteizko jaiak euskalduntzeko asmoz GEU elkarteak txosna jarri du Aihotz plazan azken urteotan. 200 lagun baino gehiago behar dira urtero txosnan laguntzeko. Boluntario gisa txandak egiten dituzte: sukalde lanetan, bokatak prestatzen, dekorazio lanetan edota barran poteak jartzen. Matxete-Aihotz plazan kokatuta txosnan edateko eta jateko (pintxoak eta bokatak) parada eskaintzen du GEU elkarteak Gasteizko jaietan euskararen presentzia areagotzeko asmoz. Eta zertarako joan dira euskaldunak azken urteotan euskarazko eskaintzaren erdigune honetara? Batez ere, euskara praktika-tzeko, euskaraz ligatzeko, euskaraz edateko, euskaraz gozatzeko, eta jaiak euskaraz bizitzeko.
"Zuek guztiek txosnan egiten duzuen ekarpen hori, ematen duzuen babes hori, urte osoan zehar hainbat eta hainbat ekintza egiteko ezinbestekoa zaigu. Gasteizko euskalgintzari hauspoa emateko ezinbestekoa da, tortilla ogitarteko bakoitzarengatik, irribarre bat; Katxi bakoitzarengatik, ikuskizun bat; sagardo botila bakoitzarengatik, formakuntza bat. Aurten ez dugu txosnan elkar ikusiko. Ez dizuegu txanda bat egitea eskatuko, eta ez dizuegu txakolin freskorik zerbitzatuko. Baina aurten ere txanda hartzeko eskatuko dizuegu", adierazi dute antolatzaileek.
Diru bilketa. Gasteizko jaiak bertan behera gelditzearekin batera, Aihotz plazako txosna kudeatu gabe geratu da aurten GEU elkartea, eta auto-finantzaketa iturri nagusia galdu du. Egoera latz horri aurre egiteko, 'crowdfunding' kanpaina bat abiatu du. Ekarpenak. Abuztuaren 9ra arte, diru bilketa kanpaina jarri du abian GEUk, eta www.itsulapikoa.eus/eu/proiektuak/euskararen-txanda-geu-lagunduz-gasteizen-euskarak-aurrera-darrai/ web orrian egin ahal dira banakako ekarpenak.Zer lortu nahi dute. Gasteizen euskara sustatzea da GEU elkartearen zeregin nagusia. Horren bidean ekimen eta egitasmo asko burutzen dituzte urtean zehar. Hauek dira egitasmo nagusiak:
? Gasteizko Mintzalaguna: 700 mintzalagun elkartzen dira astero euskaraz hitz egiteko.
? Euskaraldia: 13.000 ahobizi eta belarriprestek parte hartu zuten 2018ko edizioan.
? Aihotz plazako euskal-gunea Gasteizko jaietan: 200 boluntario eta milaka pertsona joaten dira urtero Matxete-Aihotz plazako txosnara.
? Parral emanaldiak: Hilabetean behin, astearte batez, euskarazko eskaintza musikala Gasteizko Parral tabernan.
? GEUrekin Mendira: Aurten 25 urte bete dituen egitasmoak Euskal Herriko mendi batera txangoa euskaraz proposatzen du, hilabetean behin.
? Irakurle Kluba: Hilabetean behin, euskarazko liburu baten inguruko saioa. Iban Zaldua idazleak gidatuta.
? Begi Belarri: Ikus-entzunezko zikloa. Hilean behin, euskarazko emanaldi bat Oihaneder Euskararen Etxean.
? Igandeak Jai eta familia irteerak: Familia giroan euskarazko eskaintza sustatzeko ekimenak.
? Hitzaldi & Lantegiak: Euskararen erabilera sustatzeko haur eta helduei zuzendutako lantegi ezberdinak.
? Formazio saioak: Euskara sustatzeari begira hezitzaileei begirako formazio saioak.
? Euskalaka: 12-13 urteko gaztetxoei zuzendutako euskara sustatzeko udaleku itxiak.
? Kantari: Haurrentzako karaoke ikuskizuna. 1.500 umek baino gehiagok parte hartu dute.
Abuztuaren 9ra arte GEUk diru bilketa kanpaina jarri du abian, 'Euskararen Txanda' lelopean, banakako ekarpenak jasotzeko
'Crowdfunding' kanpaina abiatu du GEUk, urte osoan zehar euskara sustatzeko ekimenak antolatzen jarraitu ahal izateko