- Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak bertan behera utzi ditu Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen 39. edizioa. Koronabirusa hirian izaten ari den hedapen azkarraren ondorioek agendetan aurreikusitako ekintzak deuseztatzen jarraitzen dute. Oraingoan, urtez urte txikienak dibertitzen dituen jolasa.
Txapelketa hauek maiatzaren 30ean eta 31n, eta ekainaren 6an eta 7an antolatu behar ziren, Gasteizen, baina covid-19aren hedapenari aurre egiteko neurriek ezinezko egin dute aurtengo edizioa, atzo Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi zutenez.
Ildo beretik, Eskolarteko Kirol Jokoek 12 eta 14 urte bitarteko 2.500 neska-mutil inguru bildu behar zituzten, guztiak ere euren lurraldeetako eskola-kiroleko txapelketen irabazleak.
Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek lehiatu behar zuten Euskadiko txapeldun izateko honako modalitateetan: aerobic, xakea, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, txirrindularitza, futbol 11, futbol 7, areto futbola, gimnasia erritmikoa, judoa, karatea, euskal pilota, tenisa, errugbia, boleibola, hondartza-boleibola, padela eta igeriketa. Hala ere, jarduera horiek guztiek pertsonen arteko hurbilketa eskatzen dute, eta, horrez gain, beren seme-alabak ikustera joaten diren ikusleen eta lehiaketetan elkartzen diren haurren arteko pilaketa handiak. Horregatik, aurten, segurtasun-neurriak betetzeko, ezin izango da lehiaketa hori aurrera eraman, urtez urte egiten den bezala, horrela adierazi zuten, behintzat, Eusko jaurlaritzatik: "Osasun Larrialdiaren eta Alarma Egoeraren ondorioz indarrean jarritako osasun eta segurtasun neurriek ez dute horiek egiteko betarik utzi", adierazi zuten.
Ildo beretik jarraituz, Eusko Jaurlaritzatik atzo azaldu zutenez, jolas horiek ikasleek eurek ondo hartu dituzte beti, baina koronabirusaren hedapen azkarrak programazio eta ekitaldi sozial guztiak deuseztatzea lortzen ari da prebentzio-neurri gisa: "Eskola-kirola lurralde historikoetako foru aldundien eskumena den arren (toki- administrazioekin lankidetzan sustatzen dituzte lehiaketa horiek), Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu", jakinarazi eta erantsi zuten: "Txapelketa hauek amaiera ezin hobea ematen diete ikasturte osoan zehar Araba lurraldean, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatzen diren eskola-kiroleko probei", helarazi zuten amaitzerakoan antolatzaileek.