- Diotenez, elkartutako jendea ez da inoiz garaituko, eta Caritasek horretan lan egiten du. Koronabirusak herritar guztiak giltzapetuta utzi ditu, eta Eusko Jaurlaritzak sortutako Guztion Artean plataforma solidarioak, behar handiena dutenei modu desinteresatuan laguntzen die. Laguntza hori adibidez, Caritasek eta Gurutze Gorriak kudeatuta, ondorengo ekintzetan datza: erosketak egitea, txakurra paseatzea edo ezin dutenen zaborra botatzea, hain zuzen ere. Hau da Guztion Artean ekimenaren helburu nagusia. Ramón Ibeas Gasteizko Caritaseko idazkari nagusiak azaldu duenez, 300 pertsona baino gehiago artatu dituzte dagoeneko Araban martxoaren 25ean plataforma sortu zutenetik.

Zer moduz ari zarete egunotan Guztion Artean plataformatik lanean?

-Lan asko egiten ari gara. Azken datuek islatzen dute azken astean 1800 bolondres izan ditugula gutxi gorabehera eta 300 dei baino gehiago artatu ditugula.

300 dei zenbat egunetan?

-Lanean hasi ginenetik joan den martxoaren 25etik.

Zein da laguntza eskatzen dizueten pertsonen profila?

-Denetarik dago. Dena itxi zenean, migrazioarekin lotutako izapide asko internet bidez egin behar izan dira. Internet bidez ere egin behar izan dira berme-errentarekin zerikusia duten eskaerak. Eta zer gertatu da honekin? Laguntza horiek behar dituzten pertsona askok ez dutela ordenagailurik. Ordenagailua erabiltzera joan ahal izateko mintzalekuak eta dauden lekuak ere itxita daude. Horrek zailtasun izugarria eman du. Hori alde batetik. Eta bestaldetik, jendeak bere eguneroko beharra betetzeko zeuzkan errekurtso batzuk kolokan jarri dira.

Zein zentzutan?

-Esaterako, elikagaiak erostera joateko orduan jende askok zailtasun handiagoa dute. Adibidez, kaleak poliziaz beteta daude, eta egoera irregularrean dauden pertsonek beldur handia diote kalean ibiltzeari dendara erosketak egitera joateko. Beldurra librea da eta batzuetan etxean gelditzea erabakitzen dute, poliziak, agian, gelditu egingo dituelako, eta paperak behar bezala ez dituztela ikusiko dutelako. Adinekoen profila ere hor dago. Ulergarria denez, kalera ateratzeko beldurra dute eta telefonoz deitzen digute. Farmaziara joan behar dute botikak hartzera, edo supermerkatura janari bila. Beste laguntza mota bat behar dute. Haiek ordaintzen dute beren zerbitzua, baina gestio horiek egingo dizkien bolondres bat behar dute.

Suposatzen dut gaixoen profila ere hor egongo dela.

-Hori da. Gaixoek ere deitzen digute. Batzuek jada koronabirusak jota eta beste batzuek, aldiz, berrogeialdian. Hemen protokolo berezia daukagu.

Zein?

-Koronabirusaz kutsatutako gaixo batek deitzen badigu, Osakidetzaren esku uzten dugu. Eta orduan Osakidetzako kideak joaten dira. Berrogeialdian dauden herritarrak deitzen badigute, protokoloa jarraituz laguntzen diegu, segurtasun neurriek errespetatuz. Kasu honetan, gure bolondresek atsedenlekuan uzten dituzte gauzak eta, hortik alde egiten duteneran, laguntza eskatu duen pertsonak atea ireki eta batu egiten du.

Supermerkatuetan online erosketak hainbeste eskatzen dira orain, non zaila den janaria etxera ekartzeko egun gertua lortzea. Jende gazteek ere deitzen dizue errekadu horiek egiteko eta etxetik irtetea saihesteko nahiz eta arrisku-profila ez izan?

-Denetarik dago. Baina gure sistemarekin oso zaila da hori gertatzea.

Zergatik?

-Deia leku batean jasotzen dugulako eta gizarte hezitzaile batek jasotzen duelako dei hori. Gizarte-hezitzaile horrek ikerketa txiki bat egiten du, eta orduan erabakitzen da deitu digun pertsonari lagunduko diogun ala ez. Baietz erabakitzen badugu, gure laguntza behar duelako, orduan bolondres batekin harremanetan jartzen gara kudeaketa hori egin diezaion.

Duela gutxi, Caritasetik ohartarazi duzue jende batzuek zuen izena erabili dutela dirua lapurtzeko asmoarekin.

-Bai. Iruzurgileak bi forma erabiltzen ari dira: batetik, elikadurarako bonu faltsuak eskaintzen dituzte prezio jakin batean, eta, bestetik, dirua eskatzen ari garela diote. Iruzurrezko gauza horiek beti gertatzen dira dinamika horiek aktibatzen direnean. Baina kontrolatuta dauzkagu eta honen aurrean egin dezakeguna gertatutakoa salatzea da. Herritar guztiei gauza bat helarazi nahi diet: Caritasek ez dio inoiz dirurik eskatu herritarrei. Dirua kanpaina jakin baten barruan eskatzen dugu, baina ez modu horretan. Guk ez dugu ezer saltzen, ez dugu harpidetza berezirik eskaintzen, ezta horrelakorik ere.

Bolondresei dagokienez, zein da haien profila?

-Denetarik daukagu. Uneotan lanean ari diren boluntarioak, ia denak Caritasekoak dira. Bolondres izateak ere baditu bere ardurak. Adibidez, gure bolondres guztiek Caritaseko bolondres gisa akreditatzen dituen karnet berezi bat daukate. Horrekin saihesten duguna da norbait etxe batera iruzur egitera joaten bada, ezin duela Caritasen izenean egin; izan ere, gure bolondres bat etxeren batera joaten denean, lehenik gure akreditazioa erakutsiko du. Eta ez badu, bolondres faltsu bat denaren seinale. Pertsona batek behar bat duenean, oso erraza da edozeini atea irekitzea. Baina kontuz ibili behar gara beti.

Eta egunotan iristen diren boluntario berriek ere badute akreditazio hori?

-Boluntario berriek gure arduradunarekin hitz egiten dute, eta egiten dugunaren prestakuntza jasotzen dute. Ondoren, Caritasen akreditazioa jasotzen dute, gauzak behar bezala egiten jarraitzeko. Gauzak kontuz egin behar dira, batzuetan borondate ona izatea ez da nahikoa: borondate ona eta buru argi izan behar da. Eta beti gertatzen dena gertatu da oraingo honetan ere: bolondres gehiago daude dagoen beharra baino.

Albiste ona benetan.

-Bai, baina hau ia beti gertatzen da horrela. Horrek esan nahi du, alde batetik, gizartearen bihotz taupadak hor daudela eta sanoa daukagula, baina, bestetik, batzuetan esan behar zaie igual ez dutela gure laguntza dei hori jasotzen. Horrek ez du esan nahi laguntza hori mespretxatzen dugunik, baizik eta, besterik gabe, ez daukagula horrenbesteko lanik. Baina beti eskertzen dugu bolondres guztiek eskaintzen diguten laguntza.

Orduan, oraintxe bertan ez duzue boluntario gehiago eskatzen Guztion Artean elkartearentzat, ezta?

-Ez dugu eskatzen ezta ukatzen ere ez. Norbaitek boluntario izan nahi badu izena eman dezala, zalantzarik gabe.

Herrietan ere laguntzen duzue?

-Bai, noski. Herri batean norbaitek laguntza eskatzen digunean herri horretako boluntarioak bilatzen ditugu, eta laguntza eskatzen dugu hor. Kasualitatea balitz herri horretan ez dugula boluntariorik, orduan Gasteiztik joango ginateke.

Zer deritzozu baldintza berdinetan laguntzen duen Batera plataformari?

-Ez dakit nola laguntzen duten, ezta zer dinamika duten ere ez, ezin dizut ezer esan.

Guztion Artean elkarteko boluntarioek ere parte hartzen dute Bateran?

-Ez dakit. Esan diezazukedana da askotan gure boluntarioak ere beste elkarte batzuetako boluntarioak direla. Pertsonak ez dira hain errez klasifikatzen.

"Askotan Caritaseko boluntarioak beste elkarte batzuetako bolondresak ere badira. Pertsonak ez dira hain errez klasifikatzen"

"Gaixoek ere deitzen digute, batzuek jada koronabirusak jota eta, beste batzuek, berrogeialdian. Protokoloa hemen ezberdina da"

"Adinekoek kalera ateratzeko beldurra dute eta telefonoz deitzen digute. Beraien gauzetarako, bolondres bat behar dute"