- Joan den martxoaren 30ean, Gasteizko Lan-arloko 3. Epaitegiak, Euspel sindikatuak eskatuta, kautelazko neurri gisa agindu zuen 24 orduan eta premiaz hornitzea Ertzaintzako agenteei koronabirusa kutsatzeko arriskuaren aurrean norbera babesteko ekipamendu jakinak.
Neurri hori hartu zen epaileak jakin aurretik Segurtasun Sailak babes-neurriei buruz hartutako erabakia. Kautelazko neurri horien aurka aurkeztutako berraztertze-errekurtsoan, besteak beste, hartutako neurrien, norbera babesteko hornitutako ekipamenduen, aurreikusitako garbiketa-operatiboen eta, merkatuan dauden murrizketak kontuan hartuta, hori guztia hornitzeko egiten ari ziren ahaleginen berri eman zitzaion epaitegiari.
Eusko Jaurlaritzaren errekurtsoa kontuan hartuta, epaileak birplanteatu egin du aurretik hartutako erabakia; izan ere, enpresaren prebentziozko babes-betebeharra arrazoizkoa eta egingarria denak baldintzatzen du, "denok ondo asko baitakigu baliabiderik ez badago eta enplegatzaileak horiek lortzeko ahalegin onargarria egin badu, engainagarria izango litzatekeela berehala eta premiaz egin dezala juridikoki eskatzea, eta alferrikako eskubide-deklarazioa izango litzateke". Kasu honetan, merkatuaren ageriko inguruabarrak jartzen ditu agerian: material eskasia dago eta oso pixkanaka eta gutxi iristen da, espekulazioa handia da eta estatu subiranoen arteko portaera desleialek kasu batzuetan oraindik ere gehiago zailtzen dute materialak hornitzea. Horregatik, adierazten du ez dela arrazoizkoa edo neurrizkoa, halako eskasia-egoera batean, epe jakin bat ezartzea, eta horren ordez ahalik eta eperik laburrenean hartu beharko direla neurriak, eta ahal den neurrian, Administrazioak proposatzen zuen bezala. Bestalde, berraztertze-errekurtsoaren bidez Segurtasun Sailak aurkeztutako informazioa ikusita, Ertzaintzako agenteak babestera bideratutako jarraibide eta gidalerroetan Sailak erakutsitako ardura ere baloratzen du epaitegiak. "Bestalde, nabarmentzen du garbiketa lanak eta txandak ezarri direla desinfekzioa bermatzeko. Eta, bereziki, azpimarratzen du babes-materiala banatu dela, horrez gainera beste sorta bat prestatu dela berehala banatzeko eta beste bat hornitzea aurreikusten dela".