- Emakundek borrokan jarraitzen du indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko telefonoak zabaltzeko. Horregatik, koronabirusaren krisiak eragindako salbuespenezko egoeraren aurrean, Emakundek lankidetza estutu du Edeka-rekin, desgaitasunaren arloan lan egiten duten euskal erakundeak biltzen dituen euskal koordinakundearekin. Helburua, konfinamendu-aldian indarkeria matxista jasaten ari diren eta desgaitasuna duten emakumeengana ahalik eta modurik eraginkorrenean iritsi ahal izatea.

Hala, material batzuk landu ditu. Euskal Gorrak Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioarekin batera, entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzako bideo bat egin da; ONCEren bidez, telefonoei buruzko informazio-kartela egokitu da ikusmen arazoak dituzten pertsonentzako; eta Fevas Plena Inclusión Euskadi-ekin batera, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkarteen euskal federazioarekin, alegia, irakurketa errazeko kartela egin da, Enplegu eta Politika sozialetarako sailaren lankidetzarekin.

"Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du koronabirusaren krisiak iraun bitartean indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzako arreta-zerbitzuek funtzionatzen jarraitzen dutela. Informazioa eta aholkularitza eskatzeko, 900840111 telefonora deitu, 24 orduz, 365 egunetan", azaltzen dute letra handiz azpititulatutako bideoan, emakume batek pertsona gor-mutuentzako zeinuak interpretatzen dituen bitartean.Bideoan ere azaltzen da edonork dei dezakeela, ez biktimak berak bakarrik: "Edornork dei dezake, (emakume biktimek, senideek, lagunek, profesionalek, komunitateak...). Larrialdietarako deitu 112ra".

Prestatutako materialetan biktimari arreta emateko 24 orduko telefonoa (900840111) eta larrialdi baten kasuan erabili beharreko telefonoa (112) jakinarazten dira. Gogorarazten da, halaber, 112 larrialdiko aplikazioa dagoela, entzuteko edo hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonentzat eskuragarri eta GPS sistemarekin geolokalizazioa ahalbidetzen duena. "Pertsona gorra bazara Cnse-ren Alba zerbitzuaren bidez ere lor dezakezu laguntza bideo-dei bidez". "Helburua ahalik eta emakume gehienengana iristea da, haien aniztasuna kontuan hartuta. Ildo horretan, Emakundek bereziki eskertzen du Euskal Gorrak, ONCE eta Fevas elkarteek egindako lana, baita Edeka osatzen duten erakunde eta pertsona guztiei ere", adierazi zuten atzo Emakundetik.

Emakundek azken bi urteetan lan egin du Edeka-rekin, eta lankidetza horrekin argitaratu du, adibidez, Indarkeria matxistaren biktima diren eta desgaitasuna duten emakume eta neskak. Esku hartzeko jarraibideak izenburuko gida. Gida honetan zenbait jarraibide zehazten dira indarkeriaren biktima diren emakumeak modu hoberenean artatzeko, eta hauek artatzen dituzten profesionalei zuzendua dago.

900 840 111

Indarkeria matxistaren biktima diren emakume guztiek eskura dute telefono hori. Indarkeria fisiko zein psikologikorako.

Laguntza. Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren sailak bi telefono zenbaki jarri ditu, 945 16 14 43 eta 945 16 16 09, bakarrik bizi diren adinekoek deitu ahal izan dezaten, konpainia edo laguntza behar izanez gero. Adinekoen zentro soziokulturaletako teknikariek artatuko dituzte, eta, alarma-egoeraren dekretuaz geroztik, Adinekoen Jarraipen Programa bat garatzen ari dira. Programa horrek, aste honetan, artatzen dituen erabiltzaileen kopurua handitu du.

Jarraipena. Programak 1.200 bat adinekoren egoeraren jarraipena egin du aldizka. Adinekoen zentroen erabiltzaileak dira, eta astero deitzen diete.