- Gasteizko Udalak atzeratu egin du joan den martxoaren 30ean hastekoa zen udal oporretako jardueren programan izena emateko prozesua.Hala jakinarazi zuten atzo: “covid-19k sortutako egoera dela eta, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailak atzeratu egin du Udal Oporretako Jarduerak programan izena emateko prozesua; martxoaren 30ean hastea zegoen aurreikusita. Hezkuntza Zerbitzuak koordinatutako ekimen hau ekainaren 22tik abuztuaren 28ra bitartean egingo da, egoerak horretarako aukera ematen badu”.
Programak 2.424 plaza eskaintzen ditu, 2019an baino 95 gehiago, lau eta 20 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta. Parte-hartzaileek jarduera asko egiteko aukera izango dute, 11 astetan zehar burutuko direnak, iaz baino astebete gehiago. “Finkatuta dagoen programa bat da, eta hiria eta haren ingurunea gune pribilegiatuak direnez, haurrek eta gazteek jarduera esanguratsuak egin ahal izango dituzten hezkuntzaren, aisialdiaren eta denbora librearen esparruan, beste pertsona batzuekin elkarreraginean, haien garapen pertsonalean lagun diezaieten”, esan zuen atzo Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canok. Eta gaineratu zuen: “Covid-19rekin zerikusia duten gertaerak garatzen doazen heinean, aurreikusita zeuden aldian garatzeko aukerari buruzko informazioa eskainiko dugu, eta, orduan ere, izena emateko prozesuaren datak jakinaraziko ditugu”.