- Esan ohi da Gasteiz apaizen eta militarren hiria izan zela, baina Aritza Saenz del Castillo irakasle gasteiztarraren aburuz, neskameek "apaizak baino gehiago ziren kuantitatiboki". Horregatik, hauei merezi duten balioa emateko, Atsedenik gabe, zerbitzu domestikoa frankismoan liburua argitaratu berri du, bere garaian egindako tesian oinarrituta.
Bertan, erroldak kontuan hartuta, garaiko egunkariak eta kontakizunak aztertuz eta istorio honen protagonistekin hitz eginez, emakume hauek bizi zuten egoera irudikatu du liburuan. Ikerketa egiterakoan Arabatik atera zituen datuak, baina estatu espainiarrean gertatzen dena ikertzeko ere zabaldu dute.
"Neskameak apaizak baino gehiago ziren, bai, baina historiara ez da inoiz pasa emakume hauek egin duten lana berezko garratzia zeukala, bai familia burgesen irauterako baita langileen familien diru sarreretarako, eta era horretan garrantzia eman behar zitzaion. Bigarren mailako lantzat hartzen zen", deritzo.
Bai tesian, baita liburuan ere, argi utzi nahi du irakasleak neskameen lana oso garrantzitsua izan zela eta frankismoaren 25 urte hauetan -1950etik 1975era arte- asko eraldatu zela. "Printzipioz, zerbitzu domestiko hau egokituta dago zerbitzu internora, etxe barnekoa, 24 orduz familiaren zain zeudenak", dio. Pixkanaka-pixkanaka, ikuspegi aristokratiko hori eraldatzen joan zen eta "gizartea modernizatzen zihoan einean, zerbitzu domestikoaren kontzeptua ere berritu zen. Etxe barnean egoten diren langileak aldatzen dira eta agertzen da figura berri bat, asistentarena".
Asistenta hauek ordu zehatz batzuetan egiten zuten lan etxean eta gero haien familiarekin bueltatzen ziren lo egitera. Horrekin, beste kontzeptu bat ere hasi zen indartzen: aisialdia. "Lanaldi bat daukat, lan hori egiten dut, baina gero bueltatzen naiz nire etxera. Era horretan, neskame hauek ez ziren sentituko zerbitzatzen zuten familiaren parte eta familiak berak ere ez zituen ikusiko bere seme-alaba bat izango balitz bezala".
Ikerketa lana egiterakoan, jakin nahi zuten zehatz mehatz zenbat emakume lan egiten zuten sektore honen barnean. Horretarako erroldetara jo zuten, eta ikusi zuten bertan agertzen zirenak ez zirela benetan sektore honetan parte hartzen zuten neska guztiak. "Ikusi dugu hainbat eta hainbat praktika sektore honen barruan ezkutatuak izaten zirela. Alde batetik, apaizen familian soldata baten truke lan egiten zuen horrek ez zegoen onartuta eta bestetik ordu zehatz batzuetan lan egiten zuten asistenta horiek ez zeuden erroldetan jasota".
Kalkulatu dute ia %20 eta 30 inguruko pertsonak ez direla erregistratuta agertzen errolda hauetan. Historia oralera jo zuten ere emakume hauen pertzepzioa ezagutzearren. "Horrek lagundu gaitu baldintzak ezagutzeko. Sektore honek ez zeukan araudirik ezta hitzarmen kolektiborik ere. Egiaztatu dugu lan egiten zutela asteko egun guztietan eta ohikoa zela libratzea ostegun arratsaldeetan eta igande arratsaldeetan -beste kasu batzuetan ez zuten ezta libratzen-".
Martxoaren 8aren testuinguruan, Aritzak bere pertzepzioa dauka gaur egun gertatzen ari denari buruz. "Hainbat etxe barneko langile ez daude aseguratuta, bere lana merkatu beltzean aritzen da, lan sumergidoa da. Langile mugimenduaren kanpo geratu den sektore bat izan da", dio. Oraindik, eta datu estatistikoen arabera, lanbide honetan egiten diren praktika asko "ezkutatuak izaten dira". Horregatik, sektore honetan hobetze aldera lan handia egiteke dagoela dio, baita langile hauei duten garrantzia eman behar zaiela ere. "Berebiziko garrantzia dauka gizartearen erreprodukziorako. Etxeko lan horiek egiten ez baditugu eta gure seme-alabak ez baditugu hezitzen, gizartea ez da erreproduzitzen. Baina garrantzitsua izan arren, ez zaio duen garrantzia ematen".
Tesiaren bi atalak. Aritza Saenz del Castilloren tesiaren ildo nagusiena frankismo garaiko emakume langileen azterketa bat burutzea izan zen. Bi atal desberdin dituela esan daiteke. Alde batetik, frankismoan sektore industrialean emakumeek egindako lanak aztertzea eta bestetik zerbitzu domestikoa. Tesia tribunalaren aurrean defendatu zuen, eta tribunalaren kide batek Bartzelonako unibertsitatekoa zen.
Liburuaren sorrera. Bartzelonako unibertsitateko tribunalaren kideak bere interesa erakutsi zion egindako tesiaren inguruan. Harremana mantendu zuten eta zerbitzu domestikoaren inguruan ikertutako guztia liburuan finkatu zuten. "Eraldatze tesi hori publikazio batean bihurtu dugu. Elkarrizketa gehiago egin ditugu eta emakume hauen esperientziak sendotu ditugu eta historia oralari garrantzi gehiago eman diogu", azaldu zuen Aritzak.
"Ikusi dugu neskameen ia %20-30 ez direla erroldetan erregistratuta agertzen"
EHUko Arabako kanpusaren irakaslea