- Mundu mailako borroka da, urtean milaka pertsona hiltzen baitira minbiziaren ondorioz. Eta atzo mundu osoak ospatu zuen gaixotasun honen aurkako borroka, eta Gasteizek ere bat egin zuen egunarekin. Hala, Gasteizko Udalak bat egin zuen ospakizun horrekin, eta, horregatik, berdez argiztatu zuen udaletxearen fatxada, Floridako kioskoa eta Arkupeak ere. Horrez gain, Gorka Urtaran alkateak eta zinegotziek iris loreak erakutsi zituzten, minbiziaren aurkako borrokaren ikurra.

Bestalde, Aecc-Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartearen Arabako delegazioak erakusketa antolatu du kalean, Hurbildu nire errealitatera eta ezagutu nire emozioak izenburuarekin. Ekimenaren helburua da herritarrak minbizia duten pertsonen eta haien senideen errealitatera hurbiltzea. "Eskura dituzten doako zerbitzuei buruzko informazioa emango da, eta gaixotasunaren edozein fasetan pazienteek edo haien senideek laguntza psikologiko doako eta kalitatekoa eskuratzeak duen garran-tzia azpimarratuko", azaldu zuten atzo Udaletik.

Erakusketa atzo hasi zen, Loma Jeneralaren plazan, goizez eta arratsaldez, baina datozen egunetan hiriko hainbat tokitatik jarraituko du. Adibidez, gaur Altafit Vitoria gimnasioan izango da, bihar eta igandean El Corte Ingles kirol-pasabidean, astelehenean eta asteartean El Boulevard merkataritza-guneko Eroskin, 11tik 17ra Txagorritxu ospitaleko hallean eta 18tik 24ra Txagorritxu AUOko Eguneko Ospitalean.

Horrela, Udalak eta Gasteizko hiriak bat egin nahi izan dute minbiziaren aurka borrokatzen diren pertsona guztiei babesa emateko. Familia guztiei ere babesa eman nahi izan diete, gaixoekin batera minbiziari aurre egiteko borrokan ari baitira.