Etxepare Euskal Institutuak 654.000 euro bideratuko ditu aurten euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa bultzatzea helburu duten AT! diru laguntzetara. Artisten eta kulturgintzako profesionalen mugikortasuna sustatzea, lanen eta kultur proiektuen nazioarteko zirkulazioa erraztzea eta testuinguru eta merkatu berrietan euskal sorkuntzaren presentzia indartzen laguntzea dira lagutzen helburuak.

Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez, diru laguntzak lau deialditan banatuta daude: antzerkia, dantza, musika eta arte plastiko eta bisualen sortzaileen mugikortasuna, literatura eta zinemaren alorreko sortzaileen mugikortasuna, irabazi asmorik gabeko nazioarteko kultura jarduerak, eta literatur itzulpenak.

Lehenbiziko deialdiak antzerkia, dantza, musika eta arte plastiko eta bisualen eremuko sortzaileen nazioarteko mugikortasuna laguntzea du xede. Diru laguntzaren bidez, Etxepare Euskal Institutuak euskal artista eta konpainien parte hartzea babestuko du euskararen eremu geografikotik kanpo egiten diren jaialdi, erakusketa, egonaldi, bira eta bestelako kultur jardueretan, haien nazioarteko proiekzioa indartzen lagunduz eta nazioarteko zirkuitu, programazio eta sareetan duten presentzia sustatuz.

Azken urteetan bezala, deialdiak izaera automatikoa izango du, prozedura bizkortu eta sortzaileen ziurgabetasuna murrizteko asmoz. Horrela, laguntzak baldintzak betetzen dituzten eskabideen artean banatuko dira, aurrekontu zuzkidura agortu arte, eta ez da balorazio batzorderik egongo. Halaber, sortzaileen likidezia beharrei modu egokiagoan erantzuteko asmoz, ordainketaren erdia hasieran jasoko dute eskatzaileek, eta beste erdia, zuriketa egin ondoren.

Laguntza hauek jarduera horiek gauzatzeari lotutako joan-etorri, ostatu eta mantenu gastuak finantzatzeko aukera emango dute. Deialdiak 511.000 euroko zuzkidura du guztira, honako modalitate hauen artean banatuta: 'AT! Musika' 175.000 euro, 'AT! Antzerkia' 166.000 euro, 'AT! Dantza' 90.000 euro eta 'AT! Arte plastikoak eta bisualak' 80.000 euro. Eskaerak egiteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik.