Gasteizek asteazken honetan jaso du ofizialki 2027ko ekainean European Social Services Conference (ESSC) foroaren egoitza izateko lekukoa. European Social Network (ESN) sareak antolatzen duen topaketa da, gizarte zerbitzuen arloko politika eta jardunbideen Europako nagusia, hain zuzen ere.

Lekukoa emateko ekitaldia sinbolikoa da Maltako hiriburu Valetan egin da, biltzarraren 2026ko edizioaren itxieran, eta Euskadi ere bertan izan da, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saila buru izan duen ordezkaritza instituzionalarekin. Gasteizko Udalaren izenean Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royero bertaratu da.

Ongizateari buruzko Euskadiko eredua partekatzeko eta zahartzearen, gizarteratzearen, kalitatearen ebaluazioaren, digitalizazioaren edo kohesio komunitarioaren esparruetako nazioarteko esperientzietatik ikasteko asmoz joan da Maltara Euskadiko ordezkaritza.

Gasteizko Udalaren arabera, gizarte zerbitzuen Europako konferentziaren hurrengo egoitza izateko izendatu izanak sendotu egiten du "Euskadik Europako erreferente gisa duen posizioa ongizate komunitarioko, berrikuntza sozialeko eta pertsonarengan oinarritutako arretako politiketan".

2027ko hitzorduak hainbat herrialdetako arduradun publikoak, profesionalak, gizarte erakundeak, adituak eta ikertzaileak bilduko ditu Arabako hiriburuko Europa Jauregian, gizarte zerbitzuen etorkizunari eta Europako gizarteen erronka partekatuei buruz eztabaidatzeko.

Lucho Royerok Maltan adierazi duenez, "Euskadiko hiriburuak gaitasuna du hurbiltasunean, berrikuntzan eta eraikuntza komunitarioan oinarritutako gizarte zerbitzuen eredua bultzatzeko".

"Gasteiz aukeratu izana aukera bikaina da Europako lankidetza indartzen jarraitzeko, erresilienteagoak, gizatiarragoak eta pertsonen ongizatera bideratuak diren gizarte zerbitzuen inguruan. Euskadin ongizatea erakundeek, profesionalek, hirugarren sektoreak eta herritarrek partekatzen duten zeregin gisa ulertzen dugu. Gizarte kohesioa indartzen duen eta pertsonen bizitza hobetzen duen eredua da", azaldu du.

Lekukoa modu ofizialean jasota, Gasteiz hasi da dagoeneko datorren urterako prestaketa lanekin, hiria "gizarte zerbitzuen arloko gogoeta, lankidetza eta berrikuntzarako Europako topagune bihurtu nahi duen edizioa antolatzeko".