Bilboko Udal Hilerria arte sorkuntzarako gune bihurtuko da berriro datorren ekainaren 13an, Bilbao Zerbitzuak udal erakundeak antolatzen duen aire zabaleko Pintura Azkarraren V. Lehiaketarekin. Bilbao Zerbitzuak-ek sorkuntza artistikoa sustatzeko egiten duen apustu kulturalaren barruan dago lehiaketa hau, eta udal hilerriaren adierazpen piktorikoa eta aberastasun historikoa balioestea du helburu, Alvaro Perez Osasun eta Kontsumo zinegotziak azaldu duenez.
Lehiaketa 08:30ean hasiko da eta 13:30 arte iraungo du. Tarte horretan, parte hartzaileek jatorrizko obra bat egin beharko dute bertan, Bilboko hilerrian oinarrituta. Lanek hileta artea islatu beharko dute, zentzurik zabalenean, eta arreta berezia jarri beharko dute monumentu, arte, paisaia eta sinbolo elementuetan, bai eta espazio horrek duen lasaitasun eta harmonia sentsazioan ere.
Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik, ekainaren 12ko 10:00ak baino lehen, Bilbao Zerbitzuak-en webgunean dagoen formularioa betez. Lehiaketaren egunean bertan, gainera, akreditazio aurrez-aurre jaso beharko dute, 08:30etik 10:30era, hilerriko bulegoetan.
Parte hartzaile bakoitzak obra bakarra aurkeztu ahal izango du, lehiaketak dirauen bitartean aire zabalean egindakoa. Teknika piktorikoa librea izango da -olio pintura, akrilikoa, akuarela edo teknika mistoak-, eta kanpoan geratuko dira argazki errealizazioak edo errealizazio digitalak.
Era berean, obrak gutxieneko neurri batzuetara egokitu beharko dira, bai eta erakundeak aldez aurretik prestatutako eta zigilatutako euskarrietara ere. Aurreko edizioetan bezala, gutxieneko neurria 80x60 cm izango da, eta akuarela bada, 50x30 cm.
Sorkuntzak Hilerriko Kaperan entregatuko dira 13:30etik 14:00etara, eta une horretatik aurrera, kultur eta arte arloetako profesionalek osatutako epaimahaiak lan irabazleak aukeratuko ditu. Epaia egunean bertan jakinaraziko da, 14:30etik aurrera.
Lehiaketak hiru sari banatuko ditu lan onenen artean: 1.000 euroko lehen sari bat egongo da, 500 euroko bigarren sari bat eta 300 euroko hirugarren sari bat. Gainera, epaimahaiak 250 euroko accesita ematen ahalko du, egoki baderitzo. Saritutako artelanak Bilbao Zerbitzuak-en arte bilduman sartuko dira, espazio horri lotutako ondare artistikoa aberasten lagunduz.