Síguenos en redes sociales:

STEAM Sareak 63 jarduera zientifiko-teknologiko eskainiko dizkie ikasleei hurrengo ikasturtean

Halaber, datorren ikasturtean Aranzadi elkartea batuko da eskaintzara

STEAM Sareak 63 jarduera zientifiko-teknologiko eskainiko dizkie ikasleei hurrengo ikasturteanUtzitakoa

STEAM Sareak 63 jarduera zientifiko-teknologiko eskainiko dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasleei 2026-2027 ikasturtean. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak bultzatu du ekimena eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatzen du, gazteen artean STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) eremuekiko euskal gazteen interesa sustatzeko helburuarekin.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, 44 entitatek antolatutako 63 proposamen bildu ditu astearte honetan argitaratu den 'STEAM Sare Katalogoa - Steam Euskadi' katalogoaren bosgarren edizioak. Gaur egun, ehun bat entitate dira STEAM Sareko kide, besteak beste, enpresak, teknologia eta ikerkuntza zentroak, erakundeak, unibertsitateak eta berrikuntza ekosistemako beste eragile batzuk.

Katalogoan jasotako jarduerak datorren ikasturtean garatuko dira, eta, horien bidez, ikasleek aukera izango dute, modu praktikoan eta esperientziaren bidez, diziplina zientifiko-teknologikoetara hurbiltzeko. Hiru motako jardueretan egituratuko da eskaintza: iraupen laburreko 38 jarduera, ibilbide luzeagoko zortzi programa eta STEM orientabideko berariazko 17 ekimen.

Horrela, katalogo berria hainbat berritasun daude aurrekoarekin alderatuta. Guztira, hamar jarduera berri izango dira hurrengo ikasturtean, eta ikasleek askotariko esperientziak izango dituzte eskura. Horien artean dago kuantikari loturiko jarduera bat, EHU Quantum-ek antolatua, eta ikasleek aukera izango dute gaur egun puri-purian dagoen esparru zientifiko horri buruzko hainbat ezaguera jasotzeko.

Horrez gain, orientabide profesionalaren esparrua sendotu da, eta Innobasqueko entitate bazkideak diren Euskotrenek eta Metro Bilbaok bultzatutako jardunaldiak egingo dira, haien berdintasun-planak ardatz harturik. Helburua da erreferentziazko pertsonak erdigunean jartzea eta STEM bokazioak sustatzea, batez ere nesken artean.

Halaber, datorren ikasturtean Aranzadi elkartea batuko da eskaintzara, bi jarduerarekin. Ikerkuntza arkeologikoan eta kontserbazioan entitate aitzindaria da Aranzadi, eta aurten, First Lego League programari loturik, 'Unearthed' arkeologiari buruzko erronka prestatzeko bisitetan partaide izan da; hain zuzen, hortik sortu dira katalogoko bi jarduera berriak.