Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Eroski Fundazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute dibulgazio zientifikoko edukiak zabaltzeko, Ebidentzia zientifikoan oinarritutako kontsumo arduratsua sustatzeko helburuarekin. Eduki horiek elikadurarekin, osasunarekin eta elikadura segurtasunarekin lotutako gaiak jorratuko dituzte, eta Consumer.es webgunean argitaratuko dira.
Gotzone Barandika Argoitia EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak eta Alejandro Martinez Berriochoa Eroski Fundazioko zuzendari nagusiak sinatu berri dute hitzarmena. Akordioaren bidez, elikadurarekin eta osasunarekin zerikusia duten edukien elaborazioa koordinatuko du EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak.
Hitzarmenaren sinatzaileek azaldu dutenez, erabaki informatuagoak hartu ahal izateko "funtsezko tresna" da kultura zientifikoa, maila pertsonalean zein kolektiboan, baita elikaduran ere. "Zer jaten dugun, nola ekoizten diren elikagaiak edo gure osasunean zer ondorio dituzten ulertzeak irizpideak ematen ditu, eta kontsumitzaileak erabakiak arduraz hartzeko eta ohitura osasungarriagoak ezartzeko duen gaitasuna indartzen du", adierazi dute.
Bada, osasun eta elikadura arloetako adituek parte hartuko dute dibulgazio artikuluen edizioan, eta hilero argitaratuko dira. Artikuluak hainbat jakintza arlotatik landuko dira, hala nola biologia, kimika, nutrizio, farmakologia edo psikologiatik.
Besteak beste, honako gai hauek jorratuko dira: gazteen artean detektatu den minbizi kasuen gorakada, arraina modu osasuntsuagoan frijitzeko klabeak edo gure organismoan prolaktinak duen egitekoa (besteak beste, edoskitzearekin eta haurdunaldiarekin lotutako hormona).
Lehenengo artikulua 'Aholku biralak, diagnostiko okerrak: TikTok alde iluna' da; David Carcedo osasun psikologoak sinatu du eta dagoeneko Consumer.es webgunean kontsultatu daiteke. Carcedo Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko laborategi ataleko koordinatzailea da.