Euskaltzaindiak 'Ortografia-marken jarraibideak' argitaratu ditu 'Euskara Batuaren Ortotipografia' egitasmoaren barnean, eta, haien berri emateko, hiruna orduko bost ikastaro antolatu ditu martxorako. Alfontso Mujika euskaltzain osoak emango ditu ikastaro guztiak.

Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, ikastaroen helburu nagusia ortografia-marken jarraibideetako puntu nagusiak azaltzea da, hala nola zein diren ortografia-markak eta nola eta zertarako erabiltzen den bakoitza.

Zehazkiago, puntuazio-marken atalak hartuko du tarterik zabalena ikastaroetan, baina puntuazio-marka lagungarrien zertzelada nagusiak ere azalduko dira, baita marka diakritikoen inguruko zalantzak argitu ere.

Lehen ikastaroa martxoaren 9an izango da, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan, Donostian, 16:00etatik 19:00etara; ondoren, martxoaren 11n Bilboko egoitzan (16:00-19:00), martxoaren 18an Ipar Euskal Herriko ordezkaritzan (Baiona, 09:00-12:00), martxoaren 23an Arabako ordezkaritzan (Gasteiz, 16:00-19:00) eta martxoaren 25ean Nafarroako ordezkaritzan (Iruñea, 16:00-19:00) egingo dira.

Izen-ematea hurrengo esteka honetan sartuta egin daiteke: https://forms.office.com/pages/responsepage.aspx?id=VK822kvW...

BESTE GAI BATZUK

Barakaldoko Udalak (Bizkaia) auzoak hobetzeko aurrekontu parte hartzaileen edizio berria jarri du martxan aste honetan, eta proposamenak aurkezteko epea martxoaren 8ra arte egongo da zabalik www.barakaldo.eus webgunean, Barakaldoko Udalaren app-ean eta auzoetan jarriko diren hautestontzietan.

Horrela, urtero bezala, herritarrek zuzenean erabaki ahal izango dute zein jardueratan inbertitu ekimenerako gordetako 2.200.000 euroak bide publikoa eta udal ekipamenduak hobetzeko. Oraingoan, auzoetako jarduketa garrantzitsuak biltzean oinarrituko da prozesua, "hiri atseginagoa, irisgarriagoa eta auzotarren benetako beharretara egokitua eraikitzen jarraitzeko helburuarekin".

Barakaldoko Udalaren arabera, aurrekontu parte hartzaileak "funtsezko tresna" dira herritarren parte hartzea indartzeko eta "auzo bakoitzean bizi eta sentitzen direnek lehentasunezkotzat jotzen dituzten hobekuntzak zuzenean entzuteko".