Tanttaka Teatroa konpainiak Mi suicidio o El pesimismo alegre izenburuko antzezlana aurkeztuko du ostegunean, otsailaren 19an, Gasteizko Felix Petite antzokian. Mario Gas da lanaren protagonista, eta Fernando Bernues zuzendaria.

Aurkezpenean azaldu dutenez, Henri Roordaren testuan oinarrituta dago laba, eta bizitzaren, maitasunaren, gizartearen, lanaren eta plazeraren oinarrizko galderak xehatzen ditu, egileak bere amaiera prestatzen duen bitartean. "Kontaketa existentzialista, zehatza eta garbia eskaintzen du, eta hori guztia, ironiaren eta umore beltzaren ikuspegitik", adierazi dute.

Oholtzan, Mario Gasek ematen dio bizitza egileari, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Mario Gas uruguaiarra antzerkiko aktore eta zuzendari da, eta Ben Kingsley, Geoffrey Rush, Bill Nighy eta John Malkovich aktoreen bikoizketako ohiko ahotsa izateagatik ere ezaguna da. 50 antzezlan baino gehiago zuzendu ditu bere ibilbidean zehar.

Fernando Bernues, bestalde, Tanttaka Teatroa eta Tentazioa Prdukzioak taldeen sortzaileetako bat da, eta arrakastaz moldatu da antzerkiaren, zinemaren eta telebistaren munduan. Ibilbide luzea eta aitortzaz betea du, eta gaur egun arte eszenikoen erreferente da.

BESTE GAI BATZUK

Bilboko Udalak Masustegiko igogailu inklinatua jarri du martxan, auzoa "egituratu" eta auzotarren irisgarritasuna "nabarmen" hobetuko duen azpiegitura. Igogailua egiteko lanek 4.694.186 euroko udal inbertsioa eskatu dute (BEZa barne), Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez.

Juan Mari Aburto alkateak, Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziak eta udalbatzako kideek Masustegiko igogailu inklinatua bisitatu dute asteazken honetan. Azpiegtura jartzeko lanek urte bi baino gehiago iraun dute, eta "aurrerakada handia" dakarkie irisgarritasun arloan 8. barrutiko auzotarrei.

Aburtok bisita egin bitartean nabarmendu duenez, jarduketa honekin "Udalak argi erakutsi duela nolako konpromisoa duen hiria irisgarriagoa izan dadin, pertsonen eguneroko bizimoduan orografia ez dadin oztopoa izan". Azpimarratu du obrak konplexutasun tekniko handia izan duela eta zailtasun garrantzitsuak gainditu behar izan direla obra gauzatzeko.