Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak Xabier Lete Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Bekaren 2026ko deialdia egin dute, eta eskabideak aurkezteko epea apirilaren 10era arte dago zabalik. Ekimenaren helburuak euskarazko literatura sorkuntza bultzatzea eta sendotze bidean dauden idazleen talentua babestea dira.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, bekak 70.000 euro gordineko zuzkidura du, eta hautatutako egileari aukera emango dio urtebetez eleberri original bat euskaraz sortzera erabat dedikatzeko. Xedea da literatura proiektu konplexuak garatzeko baldintza egokiak eskaintzea eta euskarazko literatur sistemaren sendotzea sustatzea.

Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak talentu sortzailearen aldeko konpromisoaren baitan egiten dute deialdia, baita irakurzaletasuna sustatzeko eta euskarazko kultur edukiak sortzen laguntzeko helburuaren bat etorriz ere, "gero eta globalagoa den testuinguru kulturalean euskararen presentzia eta proiekzioa indartuz".

Xabier Lete beka 2024an jaio zen bi erakundeen arteko lankidetzari esker, eta ordutik bi egilek jaso dute: Eider Rodriguez Martin izan zen lehen edizioko irabazlea, fikziozko eleberri proiektu bati esker, eta Patxi Zubizarreta hautatu zuten 2025ean, intimoa eta egunerokoa ardatz dituen izaera introspektiboko nobela proiektuagatik.

Adin nagusiko pertsona fisikoei zuzenduta dago beka, lan bizitzan daudenei eta euskaraz gutxienez literatura lan bat argitaratu eta merkaturatu dutenei. Hautatutako proiektua 12 hilabeteko epean garatu beharko da, beka onartzen denetik aurrera, eta epe hori amaitzean bukatuta egon beharko du.

Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 10ean bukatuko da, 13:00etan, eta formatu digitalean aurkeztu beharko dira. Deialdiaren oinarriak eskuragarri daude Eusko Jaurlaritzaren eta BBVA Fundazioaren webguneetan.