Síguenos en redes sociales:

Eroskiren dendak babesgune izango dira genero indarkeria kasuetan eta LGTBI+ kolektiboarekiko erasoetan

Eroskik "konpromiso historikoa" izan du berdintasunarekin

Eroskiren dendak babesgune izango dira genero indarkeria kasuetan eta LGTBI+ kolektiboarekiko erasoetanCedida

Eroskik protokolo bat aktibatu du bere dendak babesgune izan daitezen genero indarkeria kasuetan eta LGTBI+ kolektiboarekin erasoetan. Helburua da harrera eta lagun egiteko espazioa eskaintzea genero indarkeriaren arloko eta LGTBI+ kolektiboarenganako erasoak izanez gero. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Nafarroan, Errioxan eta Kantabrian ezarriko da ekimena, hipermerkatuetan, supermerkatuetan, plataforma logistikoetan eta bulego nagusietan.

Protokoloaren bitartez, Eroskiren dendak "konfiantzazko espazio" bihurtuko dira. "Espaziootan, arriskuan sentitzen den edonork gune seguru bat aurkituko du, arreta hurbila eta laguntza jasoko ditu, betiere beste baliabide edo zerbitzu batzuetara jotzeko izan dezakeen borondatea errespetatuta", adierazi dute Eroskitik.

Protokoloak zehazki jasotzen du langileen jardunbidea: lasaitasuna, entzute enpatikoa, pertsonaren erabakiekiko errespetua eta segurtasunaren lehentasun absolutua, hala biktimarenganako nola zentroko langileenganako. Dendek ez dituzte ordezkatuko larrialdi zerbitzuak edo segurtasun indarrak, eta babeserako eta laguntzarako aurreneko espazioak baino ez dira izango.

Marta Carazo Eroskiko Kudeaketa Sozialeko arduradunaren hitzetan, "Eroskiren dendak milaka lagunen eguneroko bizimoduaren parte dira, presente daude auzo eta herrietan. Dendak babesgune bihurtuta, era koherentean helduko diogu erantzukizun sozialaren gaiari, eta hurbiltasuna, entzutea eta laguntza eskainiko dizkiegu une zaurgarri jakinetan beharrean egon daitezkeenei, betiere errespetuz jokatuta eta haien autonomia inbaditu gabe".

Eroskik "konpromiso historikoa" izan du berdintasunarekin, bizikidetzarekin eta pertsonenganako errespetuarekin, eta, hala, sendotu egingo du kontsumo kooperatiba gisa lurraldeetako errealitate sozialetik hurbil egoteko duen zeregina.