EITBk eta AEK-k bien arteko lankidetza hitzarmena berritu dute ostiral honetan, 24. Korrika inoizko parte hartzaileena eta ikusiena izateko asmoz indarrak batzeko. Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak eta Ane Elordi Korrika arduradunak izenpetu dute ituna, eta Korrika indartzea, ikusaraztea eta parte hartzea bultzatzea izango du helburu. Bi aldeek lankidetzaren garrantzia azpimarratu dute.
Isabel Octavio ETBko zuzendariak, Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak eta Lurdes Etxezarreta AEKren Nazio Kontseiluko kideak ere parte hartu dute akordioaren izenpetze ekitaldian.
Atharratzen martxoaren 19an abian jarriko den unetik, eta Bilbora martxoaren 29ra iritsi arte, EITBk jarraipen zabala egingo dio Korrikari medio eta plataforma guztietan: ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, Orain, EITBko sareak, eitb.eus, YouTube eta, batez ere, ETB On plataforma berrian.
Edizio honetan, Korrikari 24 orduz EITBk zabaldutako leihoari irismen handiagoa emango zaio, eta ETB On plataforman kanal berezia zabalduko zaio, "zuzenekoaren emozio guztia etengabe bertan jasotzeko". Orain bi urte emaitza ikusgarriak utzi zituen emanaldi jarraiak: 1.700.000 ikustalditik gora 11 egunetan. Aurten, seinale horri are eta leiho handiagoa zabaldu nahi izan dio EITBk.
Horrekin batera, irudiaren errealizazioan ere hobekuntzak izango dira eta, besteak beste, egunero lasterketaren dron irudi ikusgarriak eskainiko dira. Orobat, sinadura ekitaldian iragarri dute Korrikaren Bilboko aurkezpen soziala EITBk hartuko duela lehenengo aldiz, eta martxoaren 12an Bilboko Multibox aretoa euskal gizarte eta kultur eragileen biltoki izatea "plazerra" izango dela aitortu du EITBk.