'Bach Desbariazioak' kontzertu parte hartzailearekin hasiko da otsailaren 21ean Artium Museoaren 'Amarauna' programa
Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak 'Amarauna' familientzako programari berrekingo dio otsailaren 21ean, 'Bach Desbariazioak' izenburuko biolin, ahots eta gorputzerako kontzertu parte hartzailearekin.
Museoko arduradunek jakinarazi dutenez, Andrea Berbois eta Peru Galbete musikari gipuzkoarrek biolinerako atondutako ikuskizunak "Morton Feldman, Giacinto Scelsi, Johann Sebastian Bach eta Helmut Lachenmann musikagileen lanak oinarri hartu eta keinu musikalaren eta gorputzaren arteko mugak zeharkatzen ditu".
Hainbat obra klasikoren bidez, 'Bach Desbariazioak' ikuskizunak gai asko jorratuko ditu, besteak beste, komunikazioa/inkomunikazioa, entzutea, adiskidetasuna, desadostasuna, polaritateak edo hauskortasunaren indarra.
Andrea Berbois Laspiur (Eibar, 1988) musikaria eta artista da, Tripak kolektiboko kidea; gorputzaren eta soinuaren bidezko presentzia eszenikoa da bere praktikaren ardatza, memoriaren materialak erabiliz eta gaur egunera ekarriz. Peru Galbete (Usurbil, 1987) ere musikaria da, ahotsarekin eta irudiarekin lan egiten du, eta ahots esperimentazioa, inprobisazioa, performancea eta kantuaren iragazkortasuna interesatzen zaizkio.
Andrea Berboisen eta Peru Galbeteren emanaldiaz gain, 'Amarauna' familientzako programak beste emanaldi bana izango ditu martxo, apiril eta maiatzean. Jarduera guztiak doakoak dira eta aretoaren edukiera mugatua denez, aldez aurretik izena ematea komeni da 945 20 90 20 telefonoan (erreserbak jarduera hasi baino hamar minutu lehenagora arte gordeko dira).