Atzerriko nazionalitateren bat zuten pertsonak 226.367 ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2025eko urtarrilaren 1ean, hau da, biztanleria osoaren %10,2 eta urtebete lehenago baino %0,3 puntu gehiago. Data berean, atzerrian jaiotako 310.959 pertsona bizi ziren EAEn, biztanleria osoaren %14, eta 2024an (%13,5) baino ehuneko handiagoa, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Atzerriko nazionalitateko biztanleriaren ehunekoa zertxobait aldatzen da lurralde historiko batetik bestera: Araba zen proportziorik handiena zuena, %11,4rekin (2024an baino 2 hamarren gehiago), eta ondoren Gipuzkoa, %10,1ekin (2 hamarren gehiago), eta Bizkaia, %9,9rekin (4 hamarren gehiago).

Nazionalitatearen kontinentea kontuan hartuta, Amerikako herrialdeetakoak (107.881 pertsona) atzerriko nazionalitatea zuten pertsonen %47,7 ziren (2024an baino %1,4 puntu gehiago). Talde horretan, Kolonbia, Nikaragua, Venezuela, Honduras eta Paraguaiko biztanleak ziren nagusi; bosten artean, atzerriko nazionalitatea zuten pertsona guztien % 32,9 biltzen zuten, eta nazionalitate amerikarra zutenen %68,9. Sexuaren arabera, atzerritarren %49,8 eta amerikarren %57,8 emakumeak ziren.

EAEn bizi ziren afrikar nazionalitateko pertsonak (56.189 pertsona) atzerritar guztien %24,8 ziren, 2024an baino %0,2 puntu gehiago. Erdiak baino gehiago Marokokoak ziren (%54,5), eta ondoren, aljeriarrak, senegaldarrak eta nigeriarrak (%14,7, %10,5 eta %7, hurrenez hurren). Lau nazionalitate horiek afrikar nazionalitateko pertsonen %86,7 baino gehiago eta atzerritar guztien %21 baino gehiago ordezkatzen zuten. Sexuaren araberako banaketa kontuan hartuta, gizonak ziren nagusi, guztizkoaren %63,4 baitziren.

Europako herrialdeetatik etorritakoak Euskal AEko atzerritarren %19,7 ziren 2025eko urtarrilaren 1ean (44.653 pertsona), urtebete lehenago baino %1,6 puntu gutxiago. Talde horretan Errumania nabarmendu zen, atzerritar guztien %7,8 eta Europakoen %39,5 bertakoak baitziren. Bigarren tokian, nahiko urrun bada ere, Portugal agertzen zen, EAEn europar nazionalitatea zuten pertsonen %13,5ekin, eta hirugarren lekuan Ukraina, %10,3rekin. Talde horretan, gizonen ehunekoa emakumeena baino pixka bat handiagoa zen.

Azken tokian Asiako eta Ozeaniako nazionalitateren bat zuten pertsonak agertzen ziren (17.644 pertsona), atzerritik bertaratutako biztanleen %7,8. Aipagarria da bi herrialdek soilik talde horretako biztanleen %72,3 ordezkatzen zutela: Pakistan (%39,4) eta Txina (%32,9). Talde horretan, gizonek (%50,2) emakumeek (%49,8) baino pisu handixeagoa zuten.

LURRALDEAK

Bizkaian, nazionalitate amerikarra zuten pertsonak ziren atzerritarren kolektibo nagusia (guztizkoaren %51,9), eta atzetik afrikarrak (%23,3) eta europarrak (%17,6) agertzen ziren.

Gipuzkoan ere nazionalitate amerikarra zuten pertsonak ziren nagusi argi eta garbi (guztizkoaren %44,9), eta ondoren europarrak (% 24,6) eta afrikarrak (% 22,3) agertzen ziren.

Araban, bestalde, nazionalitate amerikarra zuten pertsonen ehunekoa ere nagusi zen (2025ean %40,4koa izatera iritsi zen); jarraian, afrikarrak agertzen ziren (%34,2koa izatera iristen ziren), eta, oso azpitik, europarrak (%16,8) eta asiarrak (%8,6).