Bilboko Udalak antolatzen duen Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren 43. ediziora lanak aurkezteko epea ostegunean irekiko da, urtarrilaren 15ean, eta martxoaren 30ean bukatuko da. Euskarazko eta gaztelaniazko kategoriak izango dira, biak ere 3.500na euroko sariarekin eta 1.750na euroko bi accesitekin, ondoren lanak argitaratzeaz gain.
Ekimenaren helburuak dira, alde batetik, literatur sorkuntza sustatzea eta, bestetik, euskarazko egile garrantzitsuenetako baten bizitza eta lana ezagutarazten laguntzea, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez.
Lehiaketa edozein nazionalitatetako 18 urtetik gorako idazleentzat da, eta egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du hizkuntza modalitate bakoitzean. Ez da aukeratutako hizkuntzaz besteko itzulpenik onartuko, eta lan originalak izan beharko dira, aurretik saritu gabeak. Gaia librea da, eta gehienez ere 15 orrialde izango ditu (Times New Roman edo baliokidea, 12. gorputza), 1,5eko espazioarekin.
Lanak formatu digitalean aurkeztu ahal izango dira www.bilbao.eus/arestilehiaketa eta www.bilbao.eus/concursoaresti webetan. Aurrekoetan bezala, modalitate bakoitzak literaturako pertsona ospetsuek osatutako epaimahaia izango du.
BESTE EDIZIOAK
Aurreko edizioan, Ugaitz Agirrek Azalpena lanagatik eta Manuel Crespok Tanta agua ipuinagatik jaso zituzten sariak, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, hurrenez hurren. Euskarazko accesitak Ariane Kamiorentzat ('Efimero') eta Karmele Mitxelena Etxebesterentzat ('Ezer ez') izan ziren, eta Pablo Escuderorentzat ('Una cinta de Camarón y otra de Calamaro') eta Andres J. Sebastianentzat ('Los respetuosos') gaztelaniazkoak.