Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Estibaliz Olabarrik 2025eko Euskadiko errepideetako istripu-tasaren behin-behineko balantzea aurkeztu du gaur. Oro har, aurten, heriotza-indizeak gora egin du, eta istripu-tasa, berriz, ia 2024ko maila berean mantendu da. Araba izan da hildakoen kopuruan gorakadarik handiena izan duen lurraldea, iazkoarekin alderatuta; Gipuzkoan, berriz, hildakoen kopuruak behera egin du eta Bizkaian mantendu egin da. Era berean, kolektibo kalteberetan hildakoen kopuruak behera egin du.
Guztira, 41 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan trafiko-istripuan, 2024an baino 4 gehiago, 2023an eta 2022an baino 3 gutxiago eta 2019an baino 10 gutxiago (pandemiaren aurreko azken urte homologagarria). Generoaren arabera, hildakoen % 78 gizonak izan ziren (32) eta % 22 emakumeak (9). Kolektibo kalteberen artean, hildako motozaleen kopurua jaitsi egin da (10, iazko 15en aldean), oinezkoena ere jaitsi egin da (5, 2024an 6ren aldean) eta txirrindulariena igo (3 aurten; iaz ez zen bakar bat ere erregistratu).
Datuak perspektiban aztertuz gero, beheranzko joerari eusten zaio: 2003an 202 pertsona hil ziren, 2010ean 64, 2019an 51 eta 2025ean 41.
HERIOTZA-TASA LURRALDEKA
Lurraldeka, Arabak eta Gipuzkoak izan dute heriotza-tasa handiena 2025ean: 16 heriotza izan dira bi lurraldeetan. Arabaren kasuan, iaz baino 7 gehiago dira, eta Gipuzkoan, berriz, 3 gutxiago. Bestalde, Bizkaian iazko zifra errepikatu da: 9 pertsona hil dira.
KOLEKTIBO KALTEBERAK
Euskadin hildako 41 pertsonetatik, % 44 kolektibo kalteberen batekoak ziren: 10 motozaleak ziren, 5 oinezkoak eta 3 txirrindulariak.
Aurreko urteekin alderatuta, 2025ean kolektibo kalteberetan hildakoen portzentajea % 14,2 jaitsi da 2024arekin alderatuta, kolektibo horretako hildakoen kopurua 21etik 18ra jaitsi baita.
2025ean 10 motozalek galdu dute bizia, eta 2024an eta 2023an, berriz, 15ek eta 11k. Era berean, oinezkoen heriotza-tasak behera egin du, 5 hildakorekin; 2024an eta 2023an, berriz, 6 edo 8 hildako izan ziren, hurrenez hurren. Eta txirrindularien heriotza-tasak gora egin du, 3 heriotzarekin; 2024an eta 2023an, berriz, ez zen bat ere izan.
Generoaren arabera, 2025ean Euskadin trafiko-istripuan bizia galdu duten 41 pertsonetatik % 78 gizonak izan dira (21) eta % 22 emakumeak (9). Datuak generoaren, adin-taldearen eta pertsona motaren arabera aztertuta, ondoriozta liteke 2025ean trafiko-istripuan hil diren pertsonen profil nagusia 45 eta 64 urte arteko gizonezko batena dela, istripua izan duen ibilgailuaren gidariarena, hain zuzen.
MUGIKORTASUNA
Mugikortasunari dagokionez, azken urteetako joerari jarraituz, 2025ean gainditu egin dira 2024an erregistratutako trafiko-fluxuak, bai hiriburuetarako sarbidean, bai ibilbide luzeko trafikoan eta Biriatuko mugako pasabidean.
Ibilbide luzeko trafikoa, hau da, hiriartekoa, % 3 inguru hazi da 2024arekin alderatuta. Datu hori bat dator azken urteetan izaten ari den hazkunde-joerarekin.
Orobat, mugako trafikoa ere handitu da, 2024an baino % 2 gehiago. Kontuan izan behar da abenduan ibilgailu astunentzako Frantziako agintariek ezarritako trafiko-mugak egon direla Biriatuko ordainlekurako, Frantziarako noranzkoan (ibilgailu astunentzako 200 kamioiko muga orduko), Frantziako abeltzainen protesten ondorioz. Eta horrek mugaz gaindiko trafikoa murrizten lagundu du abendu honen zati handi batean.
Eta, hirugarrenik, Euskadiko hiriburuetara sartzeko trafikoa ia % 4,7 igo da 2024aren aldean. Trafiko horren portaera beste biena ez bezalakoa izaten da, zenbait faktoreren mende egoten baita, hala nola garraio publikoaren erabileraren edo emisio txikiko eremuetan sartzeko murrizketen mende, adibidez.
ISTRIPU-TASA
Istripu-tasa pixka bat jaitsi da, oro har, 2024arekin alderatuta. Ertzaintzak erregistratutako behin-behineko datuen arabera, 2025ean 7.686 trafiko-istripu izan dira Euskadin (2024an baino % 0,5 gutxiago). Horietatik 2.447 biktimak eragindako istripuak izan dira: 442 Araban, 1.138 Bizkaian eta 867 Gipuzkoan.
Era berean, 443 pertsona larri zauritu dira (2024an baino % 9 gutxiago).
Hildakoen tipologiari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu 30 gidariak izan direla (18 turismokoak edo beste ibilgailu batekoak, 9 motozikletakoak eta 3 bizikletakoak), 6 bidaiari eta 5 oinezko.
SENTSIBILIZAZIO-NEURRIAK ETA -PROGRAMAK
2026an, Eusko Jaurlaritzak jarduketa berriak bultzatzen eta gaur egun abian dituen sentsibilizazio-programak indartzen jarraituko du, 0 Biktimen Ikuspegian aurrera egiten jarraitzeko.
Abenduan ezarritako neurri garrantzitsuenetako bat da Gipuzkoan garabi arinen asistentzia-zerbitzua abian jartzea, istripua izan duten edo matxuratuta dauden ibilgailuak premiaz erretiratzeko. Garabi-zerbitzu hori 2025eko abenduaren 1etik dago martxan Donostialdeko metropoli-ingurunean, eta istripua izan duten edo matxuratuta dauden ibilgailuak leku seguru batera erretiratzeko aukera emango du, sor daitezkeen auto-ilarak murrizteko eta istripu gehiagoren arriskua murrizteko.
Izan duten efikazia eta harrera ona ikusita, 2026an jarraipena emango zaie Trafiko Zuzendaritzak antolatutako prestakuntza- eta sentsibilizazio-programei.
Motozaleentzako prestakuntzarako ‘MOTOformakzioa’ programan, aurten prestakuntza kopurua bikoiztu egin da aurreko urtearekin alderatuta. Guztira 560 lagunek parte hartu dute 125 cc baino gehiagoko motozikletak gidatzen dituzten pertsonei zuzendutako programa honetan, beren trebetasunak eta abileziak hobetzeko eta, horrela, errepidean kalteberenetakoa den motorzaleen kolektiboan bide-ezbeharrak prebenitzeko. Prestakuntza hori (doakoa eta maila guztietara egokitua) iraileko eta urriko sei asteburutan eman da, eta saio teoriko-praktikoak izan ditu bi modalitate bereizietan: zirkuitu itxian eta zirkulaziorako zabalik dauden bideetan.
Bestalde, 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta, indarrean da, era berean, ‘Arriskua gutxien espero duzunean dago. Ehun aldiz begiratu’ programa. Sentsibilizazio-programa horren helburua da adinekoei bide arriskuak identifikatzen eta beren burua babesten laguntzea.
Eta, azkenik, ‘Don’t be dummy! Para ti no hay repuesto(s) / Zuk ez duzu ordezkorik’ sentsibilizazio-programa dago, 16 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendua, hau da, etorkizuneko gidariei. Programa horrek istripuetako biktimen eta horiek sorotsiko dituzten profesionalen testigantzak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen die gazteei.