Síguenos en redes sociales:

'Badabil' bideopodcastaren hirugarren denboraldia hasi da asteartean

Kulturari eta sorkuntzari lotutako gaiak jorratuko ditu euskal sortzaileen ikuspegitik abiatuta

'Badabil' bideopodcastaren hirugarren denboraldia hasi da astearteanUtzitakoa

Badabil bideopodcastaren hirugarren denboraldia jarri da martxan asteartean, azaroaren 4an, eta, orain arte bezala, Durangoko Azokaren testuingurua baliatuta, kulturari eta sorkuntzari lotutako gaiak jorratuko ditu euskal sortzaileen ikuspegitik abiatuta.

Horretarako, Durangoko Azokatik jakinarazi dutenez, aurreko bi denboraldietan bezala, Amets Aranguren kazetariak gidatuko du saioa. Denboraldi berriak sei atal izango ditu (azkena zuzenean Durango Azokatik bertatik), eta atal bakoitzean hiru kulturgile izango dira Arangurenerekin, kulturari eta sorkuntzari eragiten dioten alderdi bat eztabaidagai hartuta.

Badabil Hiru Damatxo ekoiztetxeak ETB Mediarentzat ekoizten duen bideopodcasta da, eta Durangoko Azokarekin elkarlanean egiten da. Amets Aranguren du aurkezle, eta atal bakoitzean hiru kulturgile izaten dira harekin, kulturari eta sorkuntzari eragiten dioten gai baten inguruan.

HELBURUAK

Podcastaren helburuak dira Durangoko Azokaren oihartzuna asteburu luze bakarretik harago eramatea eta ikusgarritasuna ematea euskal sortzaileei eta haien jardunean dituzten kezkei eta hausnarketei.

Ekimenak bi denboraldi egin ditu jada. 2023an abiatu zen, bost atalekin, eta 2024an jarraitu zuen, jatorrizko bost atalei zuzeneko seigarren bat gehituz, Durangoko Azokan bertan. Lehen bi denboraldietan zehar, bertan izan dira Izaro Andres, Olaia Inziarte, Kike Amonarriz, Aner Peritz, Maite Atorrajauregi (Mursego), Itxaro Borda eta Josune Arakistain, besteak beste. Programaren arrakasta "nabaria" izan zen eta horren adierazle da iaz jasotako Argia saria.

Ekimenak bi denboraldi egin ditu jada

Badabil bideopodcastaren hirugarren denboraldian kulturari eta sorkuntzari lotutako denetariko gaiak landuko dira, hala nola taldeen itzulerak eta esperientzia ahaztezinak, ekoizpen zailtasunak eta enpresa handien hegemonia, gorputz disidenteen presentzia eta genero desoreka, euskal zinemaren azken loraldia, liburudenden egoera eta fisikotasunaren galera edota kulturaren lehia eta lehiaketen kultura.

"Atal bakoitzean galdera ezberdinei tiraka, bizi dugun testuingurutik abiatuta, gaur egun kultur sorkuntzak pairatzen dituen erronka eta aukera ezberdinak aztertuko dira", adierazi dute.