Euskaltzaindiak 'Gabrielen ispiluetan barrena' jardunaldia antolatu du azaroaren 14rako Bilboko egoitzan, Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazle bilbotarrak euskal idazleengan izan duen eragina aztertzeko.

Akademiak jakinarazi duenez, Bilboko Udalaren babesarekin antolatutako topaketak hainbat belaunalditako poetari luzatutako galdera bat du abiapuntu: "Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean?".

Edorta Jimenez, Sonia Gonzalez, Tere Irastortza, Harkaitz Cano, Iñigo Astiz eta Leire Vargas idazleak, Mikel Martinez antzerkilaria eta Eñaut Elorrieta musikaria izango dira parte hartzaileen artean.

Aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Urteurrenaren kariaz, egitarau zabala antolatu du Euskaltzaindiak Bilbon, XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko.

Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gabriel Aresti Katedrarekin, Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koral Elkartearekin elkarlanean prestatu du egitaraua, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EITBren eta BBK Fundazioaren babesa duela.

Ekainean estreinatu zen egitaraua Bilboko Txistularien Bandaren kontzertu batekin, eta harrezkero jardunaldi, liburu aurkezpen eta bestelako musika emanaldiak izan dira poeta bilbotarraren omenez.

Orain, Euskaltzaindiak egun osoko jardunaldia antolatu du, Gabriel Arestik euskal idazleengan izandako eragina aztertzeko. Horrela, poetaren heriotzaren 50. urteurrenean hainbat belaunalditako idazleei egindako galdera bat du abiapuntu jardunaldiak: "Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean?".

Edorta Jimenezek, Tere Irastortzak, Sonia Gonzalezek, Harkaitz Canok, Iñigo Astizek eta Leire Vargasek beren gogoeta poetikoak eskainiko dituzte jendaurrean, "norberak Arestiren betaurrekoak jantzita".

Hori guztia goiz partean izango da (09:30-13:30), eta, arratsaldean, antzerkia eta musika uztartuko dira ordu betez, Mikel Martinez antzerkilariaren eta Eñaut Elorrieta musikariaren eskutik. Martinezek 'Olerkari' bakarrizketa emango du 19:00etan, eta Elorrietak 'Aresti kantatuz' kontzertua 19:30ean.

Era berean, jardunaldian bertan 'Galda' bilduma berria aurkeztuko du Euskaltzaindiak. Bildumaren helburua Akademiak antolatzen dituen literatura-ekintzen testigantza idatzia jasotzea da, dibulgazioa egiteko jaso ere. Honela, lehen zenbakiak azaroaren 14ko jardunaldiaren hitzaldiak jasoko ditu eta bertaratzen diren literaturazaleen artean banatuko da.