Izen bakarra aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai ostiral honetan Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan egin den osoko bilkuran, hain zuzen, Irene Arrarats itzultzaile, zuzentzaile eta euskaltzain urgazlearena, Akademiak jakinarazi duenez.
Andres Alberdi emeritu izatera igaro zen uztailaren 1ean, 75 urte bete baitzituen egun horretan Getariako (Gipuzkoa) hizkuntzalariak, eta uztailaren 18an Bilbon egin zen osoko bilkuran zabaldu zen hautagaiak aurkezteko epea.
Horretara, Euskaltzaindiaren arautegiak agintzen duen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, azaroaren 28ko osoko bilkuran egingo den bozketan jakingo da Andres Alberdiren lekua Irene Arraratsek hartuko duenetz.
Irene Arrarats Lizeaga (Hernani, Gipuzkoa, 1967) Geografia eta Historian lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionalean, euskarazko prosa lantzeari lotu zaio hasieratik, kazetaritzako idazkuntza lantzeari bereziki, eta alor horretan dihardu orain ere.
Euskaltzaindiarekin ere hartu-eman handia izan du Arraratsek 2007az geroztik
Euskaldunon Egunkaria-n aritu zen 1991z geroztik 2003ra arte, estilo zuzentzaile eta itzultzaile lehenbizi, eta euskara arduradun gero. 2003an bertan hasi zen euskara arduradun 'Berria' egunkarian, eta horretan dabil harrezkero. 2001ean argitaraturiko Egunkaria-ren azken estilo liburuaren egileetako bat izan zen, eta orain Berria-ren estilo liburuaren zuzendaria da. Era berean, hizkuntzari buruzko Ezer ez eta festa podcastaren egileetako bat da.
EUSKALTZAINDIA
Euskaltzaindiarekin ere hartu-eman handia izan du Arraratsek 2007az geroztik, eta zenbait batzordetan aritzen da: Hiztegi Batuko lantaldean (2007-2017), Exonomastika batzordean (2009-), Euskaltzaindiaren Hiztegia lantaldean (2017-) eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren Batzordean (2017-). Akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2018an.
Irene Arraratsek feminismoa eta euskara uztartu ditu bere ekarpen teorikoetan.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">