Kutxa Fundazioa Irun Literatura Sarien 46. edizioko banaketa ekitaldia egingo da azaroaren 22an Irungo (Gipuzkao) kontserbatorioan, eta Anjel Lertxundiren ibilbide literarioa aitortuko dute bertan, Ibilbide Saria emanez.
Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri haur eta gazte literaturako elkarteak osatutako epaimahaiak proposatu du Lertxundi saritzea, Kutxa Fundaziotik jakinarazi dutenez.
Anjel Lertxundi (1948, Orio, Gipuzkoa) euskal idazlerik emankorrenetakoa da. Irakasle ikasketak egin zituen Donostian eta Filosofia eta Letrak Erroman eta Valentzian. Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako irakaslea eta zuzendaria izan zen. Euskal Literatura eta Literatura Unibertsaleko irakasle ere izan zen Donostiako Elizbarrutiko Irakasle Eskolan hainbat urtez.
Idazle gisa, literaturaren esparru guztiak landu ditu: nobela, ipuinak, itzulpenak, egunkarietako artikulu eta zutabeak, saiakerak eta haur eta gazte literatura. 1970ean argitaratu zuen bere lehen liburua, 'Hunik arrats artean', eta 2024an azkena, 'Berbelitzen hiztegia'.
Prentsarako kolaborazio ugari egin ditu -artikuluak, zutabeak, literatura eta kritika zinematografikoak- komunikabide askotan (Egunkaria, Berria, El Diario Vasco, El País). Zinema zuzendari ere izan da, eta horren erakusgarri da duela hilabete gutxi Tabakaleran estreinatu zen Hamaseigarrenean Aidanez filmaren bertsio zaharberritua. Telebistan gidoilari gisa ere lan egin du, eta bere eskua zegoen Goenkale telesaileko testuetan.
BESTE DATU BATZUK
Kritikaren Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen 1983 eta 1991n Hamaseigarrenean Aidanez eta Kapitain frakasa lanengatik, hurrenez hurren. 1999an Euskadi Saria jaso zuen Argizariaren egunak lanagatik eta 2010ean Saiakeraren Espainiako Sari Nazionala Eskarmentuaren paperak lanagatik. 1994an finalista izan zen Otto Pette eleberriarekin eta 2010ean Rosalia de Castro saria jaso zuen bere ibilbide literarioagatik. Euskaltzaindiko kide urgazlea da 1983tik, eta ohorezko kidea 2021etik.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">