Euskarabildua topaketaren 14. edizioak Interneten gobernantza eta euskal komunitateak sare globalean duela rola izango ditu hizpide azaroaren 4an Donostiako San Telmo museoan, Nork gobernatzen du Internet? Euskal komunitate digitala erronka globalaren aurrean leloarekin.
Euskarabildua euskara eta teknologia uztartzea helburu duen dibulgazio jardunaldi bat da, gizartean eragiten duten eta Euskal Herrian burujabetza digitala eta linguistikoa sustatzea ahalbidetzen duten ekimen berritzaileen hausnarketarako eta hedapenerako. 2012tik antolatzen dute Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak.
Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, korporazio teknologiko handiek espazio digitalaren gainean erabakitzeko boterea kontzentratzen duten testuinguruan, Euskarabilduak galdera nagusi batzuk erantzun nahi ditu, besteak beste, nork gobernatzen duen Internet, hizkuntza gutxituen presentziak zer pisu daukan Internet globalean eta nola defendatzen dira euren interesak, edota euskarazko hizkuntza teknologia propioa posible ote den.
BALORAZIOA
"Beste behin ere, Euskarabilduak teknologia burujabetza izango du hizpide. Izan ere, inoiz baino gehiago, teknologia modu burujabe eta kritikoan kudeatzea ezinbestekoa baita herritarren eskubideak defendatzeko, kultura eta hizkuntza aniztasuna babesteko, eta etorkizun digital justuagoa bermatzeko", azaldu dute.
Antolatzaileen arabera, Google, Meta, Amazon, Apple edo Tesla moduko korporazio tekonologiko handiek aberastasuna pilatzen dute eta datuak bildu, narratibak moldatu eta nazioarteko sistemaren arauak berridazten dituzte gaur egun. Institut Cerdà erakundearen arabera, 2024an hodeiko zerbitzuen fakturazioaren %67 AEBetako hiru enpresatan soilik bildu zen, eta Interneteko bilaketen %82 Google bidez egin ziren.
Euskarabildua topaketaren 14. edizioak Interneten gobernantza eta euskal komunitateak sare globalean duela rola izango ditu hizpide azaroaren 4an Donostiako San Telmo museoan
Bada, errealitate horren aurrean, Euskarabilduak gogoeta bat planteatuko du eta zenbait galderari erantzuten saiatuko da: nork hartzen ditu erabakiak Interneten?; zer interes daude jokoan?; zein da euskal komunitate txikien tokia, aukera eta zeregina sare global horretan?
Topaketan izango diren hizlarien artean daude Manuela Battaglini datuen etikan eta pribatutasunean espezializatutako abokatua, Cristina Caffarra Eurostack proiektuaren bultzatzaile eta lehiakortasun ekonomikoan aditua, Amadeu Abril abokatua eta .cat domeinuen sustatzailea eta Josu Waliño Puntueus Fundazioko zuzendaria.
Halaber, Iratxe Esnaola Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak, Elixabete Garcia Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendariak, Aitor Soroak EHUko Hitz Katedrako zuzendariak, Lorea Arakistain Punrtueus Fundazioko komunikazio arduradunak eta Asier Etxeberria Iametzako negozio ereduen arduradunak ere parte hartuko dute.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">