Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta BBK Fundazioaren babesarekin argitaratutako 'Lanbide bihurtutako grina' musika industriaren inguruan euskaraz idatzitako lehen eskuliburua aurkeztu dute asteazken honetan Euskalduna Bilbao jauergian, BIME topaketen baitan, sektoreko eragile, profesional eta komunikabideen aurrean.

Argitalpenaren sustatzaileek aurkezpenean nabarmendu dute liburua "mugarria" izango dela euskal sektorearen profesionalizazioaren bidean, "musika industriaren euskaratzea sustatzen duen funtsezko baliabide didaktiko" gisa aurkeztu baita.

"Lankidetza espiritu sendo baten emaitza" gisa, eskuliburuak sektoreko 30 profesional garrantzitsu baino gehiagoren ekarpenak bildu ditu. Bi liburukitan banatuta dago, eta musika negozioaren funtsezko oinarriak eta egungo erronka nagusienak jorratzen ditu zehaztasunez, besteak beste, osasun mentala, iraunkortasuna, berrikuntza teknologikoa eta Big Dataren eragina, "ikuspegi pedagogiko zorrotzarekin eta ulergarritasuna errazteko baliabide bisual ugariren laguntzaz".

BALORAZIOA

'Lanbide bihurtutako grina' euskal eragileen ezagutza zein profesionalizazioa sustatzeko "ezinbesteko tresna" izango dela ziurtatu dute aurkezpenean, eta "musikaren eszena globalean lehiatu eta hazteko beharrezkoak diren lanabesak" eskaintzen dituela.

Ana Lopez Asensio Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapeneko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak bere sailak eskuliburuarekin erakutsi duen konpromisoa nabarmendu du, eta "ekosistema kulturala zein hizkuntza politika indartzeko funtsezko baliabidea" dela ziurtatu.

Bestalde, Nora Sarasola BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia aipatu du, "kultura-grina Euskadiko motor ekonomiko eta sozial bihurtzeko" bidean.

Era berean, Amaia Santana Liburuak argitaletxeko zuzendariak eta Jon Icazuriaga eskuliburuaren komisario editoreak "bere generoko lanik osoena eta gaurkotuena" dela adierazi dute, 30 aditu baino gehiagoren zeharkako ikuspegia eta lankidetza biltzen duen lana baita.