Gizaker Inkestak enpresak Eusko Jaurlaritzak eskatuta egindako azterlanaren arabera, larrialdietako SOS Deiak 112 telefono zerbitzuak 10etik 8,81 puntu lortu ditu gogobetze orokorraren atalean eta 8,98 puntu operadoreek eskainitako arreta orokorrarenean.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, ikerketa telefono bidezko elkarrizketen bidez egin da, 112 zerbitzuaren 900 erabiltzailek osatutako lagin batean oinarrituta. 9,07ko puntuazioa eman dio operadoreek erakutsitako adeitasun mailari, eta horien %86,6 ados daude deiei erantzuteari eskainitako denborarekin.

Zerbitzuaren eraginkortasunari dagokionez, kontsulta egin zaien erabiltzaileen %94k uste du operadoreek erabat ulertu zutela euren egoera. Alde horretatik, %98k berriro erabiliko lukete 112 zerbitzua larrialdi kasuan.

Inkestatutako pertsonek 112ra egindako deien arrazoi nagusiak era askotakoak dira, eta, besteak beste, larrialdi medikoak, bide publikoan hautemandako arriskuak, trafiko istripuak eta pertsonen istripuak nabarmentzen dira.

Bestalde, 112ra deitu zuten pertsonen %96,9k sakelako telefonoa erabili zuen, eta %77k beste pertsona edo egoera bat artatzeko deitu zuen. Erabiltzaileek egindako deien %92,6ri lehenengoan erantzun zitzaien, deien %46,7k bi minutu baino gutxiago iraun zuen, %37k 2 minututik 5 minutura artean eta % 10,6k 5 minutu baino gehiago.

112ra deitu zuten pertsonen %94k uste du deiari erantzun zion operadoreak argi eta garbi ulertu zituela bere egoera eta beharrak, eta %89k deiari erantzun zion pertsonak enpatiaz jokatu zuela. Gainera, 112 telefono zerbitzura deitu zutenen %93,7k aukeratu zuen hizkuntzan komunikatzeko aukera izan zuen.

INKESTAK

Egindako inkestak jaso du larrialdietako 112 zerbitzua erabili duten pertsonen %75,2ren ustez beren larrialdi egoera eraginkortasunez eta denbora egokian konpondu dela (%86,6), eta %98,2k berriro erabiliko luke 112 larrialdietako zerbitzua.

Hobekuntzen atalean, azterlanak nabarmendu du kontsultatutako pertsonen %21,4k bakarrik onartu zuela SOS Deiak aplikazioa ezagutzen zuela.

Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko SOS Deiak Zentroaren 112 zenbaki bakarra da larrialdietarako, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan dago erabilgarri eta doakoa da, erabiltzaileentzat inolako kosturik gabe. 2024an 816.975 dei erantzun zituen 112 telefonoaren bidez, eta 250.276 gertakari kudeatu zituen.