Catherine Destivelle alpinista, eskalatzaile eta liburu editore frantsesak jasoko du 2025. urteko WOP Mendi Film saria, Bilboko Mendi Film jaialdiaren 18. edizioaren baitan, bere mendiko ibilbidea eta baloreen transmisioa aitortuz.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, saria emateko ekitaldia abenduaren 12an izango da, Euskalduna Bilbao jauregiko 0B aretoan, 19:45ean hasita. Gainera, zinemaldiko "saio beroenetakoa" izango da, Sail Ofizialeko Champions of the Golden Valley' filma estreinatuko da, Ben Sturgulewski zuzendariak aurkeztuta.
The Walk On Project fundazioak eta Mendi Film jaialdiak elkarrekin ematen dute WOP Mendi Film saria, eta aurtengoa 12. edizioa da, mendiko kulturari egindako ekarpena eta mendiko baloreen eredu izateagatik nabarmendu diren pertsonaia eta entitateei zuzenduta.
Catherine Destivelle (1960, Oran, Frantzia) eskalatzailea, alpinista, idazlea, editorea eta hizlaria da. 16 urterekin Verdonen eskalatzen zuen, eta munduko lehen eskalada txapelketan lortutako garaipenak, Bardonechian 1985ean, mundu profesionalaren ateak ireki zizkion.
Catherine Destivellek harreman zuzena du Mendi Film jaialdiarekin: 2009ko Sari Nagusia irabazi zuen Remy Tezierren 'Au-delà des cimes' filmaren protagonista da
Gero alpinismorako jauzia eman zuen: Eiger mendiaren ipar horma neguan eta bakarka egiten lehen emakumea izan zen, Cervinoko iparraldean Bonatti bidearen lehen errepikapen absolutua burutu zuen, Trangoko dorrea edota Shisha Pangmaren hego-mendebaldeko aurpegira igotzea. Kirol ibilbidearen Piolet d'Or aitortza jaso zuen 2020an.
BESTE DATU BATZUK
Les éditions du Mont-Blanc argitaletxea sortu zuen mendia bera hezkuntza tresna bihurtzeko. Lantaldea emakumez osatuta dago erabat, nahita, eta argitaratzen dituen liburuek mendizaletasun istorio harrigarriak kontatzen dituzte eta mendiekiko maitasuna partekatzen dute. "Nire helburua historia kulturalaren, kirol ondarearen eta bizi garen urteetako kezka ekologiko eta zientifikoen artean zubi bat eraikitzea da", adierazi du.
Catherine Destivellek harreman zuzena du Mendi Film jaialdiarekin: 2009ko Sari Nagusia irabazi zuen Remy Tezierren 'Au-delà des cimes' filmaren protagonista da, eta 2017an Mendi Filmen 10. edizio berezian parte hartu zuen, 'Women at the Top' mahai inguruan, mendi literaturari buruzko beste batean eta 'From Bouldering to High Mountains Ascent' hitzaldia eskainiz.