Síguenos en redes sociales:

Eskola hiztun bila: Hiru hamarkada hezkuntzan euskara indarberritzen

Jardunaldi hau “jakintza, gogoeta esanguratsua eta esperientzia bikainak partekatzeko aukera” dela esan du Pedrosa sailburuak

Eskola hiztun bila: Hiru hamarkada hezkuntzan euskara indarberritzenUtzitakoa

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Eskola Hiztun Bila ekitaldia zabaldu du berriki. Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko aretoan. 400 profesional inguru elkartu ditu, irakasle aholkulari, zuzendari eta Hizkuntza Normalizaziorako arduradunak besteren artean. Hezkuntza-komunitatea osatzen duten eragileen formakuntza, aktibazioa eta elkar eragina aztertuko dituzte euskara indarberritzeko helburuarekin. Guraso, irakasle eta aisialdi-hezitzaileak hezkuntza-komunitatearen helburuei erantzuteko dituzten partaidetza moduak ere izango dituzte hizpide.

Jardunaldi hau “jakintza, gogoeta esanguratsua eta esperientzia bikainak partekatzeko aukera” dela esan du Pedrosa sailburuak eta “hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak, hizkuntzak orokorrean eta bereziki, euskara, bere pasio bazterrezinak” direla aitortuz, azken hiru hamarkadetan emandako urratsak balioetsi ditu, 29 urte igaro baitira lehen Eskola Hiztun Bila antolatu zenetik.

400 profesional inguru elkartu ditu, irakasle aholkulari, zuzendari eta Hizkuntza Normalizaziorako arduradunak besteren artean

Euskararen indarberritze betean, XX. mendearen azken hamarkadan “erdigunean jarritako ardatzen oihartzunak” gure artean jarraitzen duela ziurtatu du Pedrosak, “euskara eta euskal kulturaren transmisioa ardatz duen hezkuntza sistema eraikitzen ari gara” berretsi du.

Egungo errealitateari erreparatuz, Hezkuntza sailburuak gogorarazi du, agertoki berri baten aurrean gaudela. Aniztasunean egin du azpimarra; “gela anitzak ditugu genero, balio, sinesmen, ohitura edota hizkuntza aldetik… alderdi guztietatik gara anitz” azaldu du.

BALORAZIOA

“Aniztasuna gure hezkuntza sistemak duen oinarrizko balioa dela oinarri hartuta, ikasle guztien errealitatera egokitutako eskola inklusiboan aurrera egiten jarraitzeko elkartasuna eta elkar-lana erdigunean jartzera dei egin du Pedrosak. Berak ondorioztatu duenez, “euskaratik kulturartekotasuna eta aniztasuna besarkatzea da etorkizuneko gure belaunaldiari eman diezaiokegun ekarpenik aberatsena”

Adibide modura, Hezkuntza sailburuak euskararen ikasketa indartzeko Eusle programa aipatu du. “Programa honi esker euskalduntzen ari diren ikasleak asko dira… eta euskararekiko atxikimendu baikorra garatzen ari diren ikasleak irabazten ari gara.”

Eskoletan egungo egoera kontutan hartuta euskara indarberritzeko beste zenbait baliabide eraginkor aipatu ditu, irakasle konprometituak besteak beste, baita ikastetxearen eta familien ateko loturak eta hezkuntza komunitatearen partaidetza ere. “Une oso ilusionagarri eta indartsu baten gaude eta inoiz baino beharrezkoagoa da hiztun komunitate biziak bilakatzea gure ikastetxeak” azpimarratu du Pedrosak, “aniztasuna nagusi den eremuan, euskarak erronka handiak ditu bere leku eta espazio propioa izan dezan, eta baita guztiaren joskura izateko ere”. “Erreferente eta lidergotza berriak” beharko ditugula ere azpimarratu du.

Horretarako aurtengo ikasturtean Euskararen eta Hizkuntzen ikaskuntzarako institutuak hartuko duen lidergotza ere aipatu du “Institutu berri honen egitekoa izango da euskara eta euskal kultura ardatz dituen hezkuntza eleanitz eta kulturartekoa eraikitzeko bidea egitea”.